Aguraingo Udalak astelehenean onartu zuen urteko aurrekontua. Proiektu ekonomikoa 8,5 milioi eurokoa izango da 2023an, eta Oriamendi ingurua eraberritzeko lanak izango dira nobedade nagusia: 120.000 euro bideratuko dituzte, antzinako ur-biltegiaren gainean putzu artifizial bat egiteko eta Lautadaren gaineko begiratoki bat sortzeko.
Beste 120.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute herriko plaza bat estaltzeko. Oraingoz ez dute erabaki zein, baina teknikariak aukerak aztertzen ari dira. Halaber, Foru Planean jasotako kirol gunea birgaitzeko eta Curtidos fabrikaren ondoko kaleak urbanizatzeko proiektuei eutsi die aurrekontu berriak.
Gastuei dagokienez, gizarte eta berdintasun arloko gastuari eutsiko dio Agurainek, laugarren urtez jarraian. Nolanahi ere, aurrekontuaren zenbateko osoak jaitsiera txiki bat bizi izan du, Agurain Urbide ur partzuergoan sartzearen ondorioz; izan ere, horrek murriztu egin ditu uraren kudeaketari lotutako diru-sarrerak eta gastuak.
Bestalde, kirol instalazioak hobetzeko 1,7 milioi euro eskatu ditu Agurainek Europako funtsetatik, baita beste 500.000 euro argiteria publikoa berritzeko.
EH Bilduk uko egin dio aurrekontu proiektua babesteari "anbiziorik ez dutela, eta trantsizio energetikoa eta etxebizitza kontuan hartzen ez direla" kritikatuz, Raul Lopez de Uralde bozeramaileak azaldu duenez.