Lautadako Landa Garapenerako Agentziak, Lautadako Kuadrillak eta Iruraiz-Gaunako Udalak urriaren 22tik 27ra bitartean Lautada Egunarekin batera egingo diren ekitaldiak aurkeztu dituzte. Egun nagusia igandean ospatuko da, hilaren 23an, Erentxunen. Lautadaren taupada lemapean goiz osoko egitaraua prestatu dute. 11:00etan hasiko da Lautadako nekazal eta artisautza merkatuaren irekiera ofiziala, Jeiki, Haize eeta Asparren dantza taldeen eskutik. 11:30ean, berriz, Arabako Lautadako abesbatzen topaketa hasiko da. 12:00etan Slow Food elkarteak zaporeen laborategia zuzenduko du, eta ordu erdi beranduago Ekotaloren eskutik talo lantegia egingo dute. Garaionek ere zume lantegia egingo du.
Igandea aurretik eta ondotik ere aukera izango da Lautadako herrietako ondarea eta jarduera ekonomikoa ezagutzeko. Hala, urriaren 22an, larunbatean, Iruraiz-Gaunako Gazeo, Langarika eta Alaitzako elizateako horma-irudiak bisitatzeko aukera izango da. Hitzordua 10:30ean da, Gazeoko elizan. Bestalde, urriaren 25ean, asteartean, udal txikiek eta kontzejuek sustatutako esperientziak ezagutzeko aukera izango da Barrundiako udaletxean egingo den solasaldi batean: landetxeak, museoak, coworking-ak, tabernak, irratiak etabar. Gonbidatuen artean izango dira Saratxoko kontzejua, Camprovingoko (Errioxa, Espainia) Udala, eta Artiedako (Zaragoza, Espainia) Udala.
Egitarauarekin jarraituz, hilaren 26an, asteazkenean, 17:00etatik 19:00etara, ardi latxaren artileari balioa emateko martxan diren hainbat ekimen aurkeztuko dira. Aguraingo udaletxean izango da hitzaldia, Miriam Pinto (Neiker) eta Yurre Peñagarikano (Urkome LGEa) teknikarien eskutik. Amaitzeko, ostegun ekintzailea egingo dute urriaren 27an, Hazi Fundazioarekin, landa eremuko ekintzaileei zuzenduta, Ilarduiako zentro soziokulturalean, 9:30etik 14:00etara.