Oinherri herri hezitzaileen sareak bere 10. urteurrena ospatu du Garaionen

Erredakzioa 2022ko urr. 3a, 18:00

Herri hezitzaileak sustatzeko Oinherri elkarteak bere 10. urteurrena ospatu zuen ostiralean Ozetan, Garaion Sorgingunean. Goizeko topaketaren ostean, jaialdia egin zuten iluntzera arte, besteak beste, Porrotx, Beira eta Olatz Salvadorrekin.

Garaion Sorgingunea herri hezitzaileen topagune bihurtu zen joan den ostiralean, irailaren 30ean. Izan ere, hamar urteko ibilbidea egina du Oinherri elkarteak, herri hezitzaileen filosofia zabaltzeko eta herri hezitzaileagoak sustatzeko sare gisa, eta ospakizunetan murgiltzeko egun osoko egitaraua prestatu zuten.

"Elkar topatzeko, harremanak eraikitzeko eta ospatzeko" jarduerak izan ziren goizetik gauera. Elkarteko kideak, Oinherri herri hezitzaileen sareko udaletako ordezkariak eta Barrundiako haur zein familiak bildu ziren Garaiongo ingurune ederrean, komunitate giro goxoan.

Goizean ekin zioten ospakizunei, herri zein eragileentzako esperientzien truke azokarekin. Bertan, besteak beste, Elizondoko eskolako Kukuline proiektua (eskola herritarra), Segurako Aisialdi Taldearen (tokian tokiko aisialdi hezitzailea) sortze prozesua eta Durangoko Hezkuntza Foroaren (herriko hezkuntza komunitatea saretzeko esperientzia) ezaugarritzea ezagutzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, protagonisten beraien ahotik.

Topaketaren bigarren zatian, herri hezitzaileen sarearen azken urteetako ibilbidearen balorazio kolektiboa egin zuten, eta, aurrera begira, "herri hezitzailea" helburu izanik jorratu beharreko lan ildoak marrazten hasi ziren.

Arratsaldean, berriz, bazkari ederra jan eta tertulian aritu ondoren, auzolanari eta naturan jolasteari ekin zioten: besteak beste, Porrotx izan zen kantu, irri eta dantzan, Ozetako eskolako haur eta familiekin batera, eta Ametsen Arbola landatu zuten. Egunari amaiera emateko, Beira taldearen eta Olatz Salvadorren kontzertuez gozatzeko aukera paregabea izan zuten; gainera, Beirako kideek, Oiartzungo haurrekin batera, Oinherriren urteurreneko kanta eder bat aurkeztu zuten, opari gisa.

Balorazio gisa, Oinherriko kideek azpimarratu dute "asko daukagula ospatzeko eta eskertzeko". Zentzu horretan, eskerrak eman dizkiete Garaioni, Barrundiako herritarrei, herri hezitzaileen sareko kideei, eta "baita gurekin amets honetan ekarpena egiten duzuen guztiei ere".

Herri hezitzaileen sarea

2012an abian jarritako Oinherri proiektuaren oinarrian, honako ideia dago: "Egungo jendartean familia eta eskolaren gain jauzten da hezteko ardura; ikuspegi hau zabaldu eta herriak berak ere hezi egiten gaituela aldarrikatzen dugu", azaldu dute. Une honetan, hainbat alorreko eragile ugariz osatutako batzarra (hamalau eragile) eta herri hezitzaileen sarea (35 herri inguru, horien artean Barrundia, Araban) dira egitasmoaren bi hanka nagusiak.

Eragileei dagokienez, honako hauek osatzen dute batzarra: Artaziak koop, Arrasateko Txatxilipurdi Elkartea, Arremanitz kooperatiba, Elgoibarko Izarra, Hezten, Hik Hasi pedagogia ekimena, Hiruki Larroxa, Irrien Lagunak Kluba, Kokoriko - Aiaraldeako ekintzen faktoria, Lasarteko Ttakun Kultur Elkartea, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Plisti Plasta familia eta jolas gunea, Euskaltzaleen Topagunea, Urtxintxa Bizkaia, eta Zirimola Ikastolen elkarteko aisialdi taldea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago