Hamar urteko ibilbidea egina du Oinherri elkarteak, herri hezitzaileen filosofia zabaltzeko eta herri hezitzaileagoak sustatzeko sare gisa. Horren guztiaren oinarrian, honako ideia dago: "Egungo jendartean familia eta eskolaren gain jauzten da hezteko ardura, ikuspegi hau zabaldu eta herriak berak ere hezi egiten gaituela aldarrikatzen dugu", azaldu dute.
Une honetan, hainbat alorreko eragile ugariz osatutako batzarra (hamalau eragile) eta herri hezitzaileen sarea (35 herri inguru, horien artean Barrundia, Araban) dira egitasmoaren bi hanka nagusiak.
Eragileei dagokienez, honako hauek osatzen dute batzarra: Artaziak koop, Arrasateko Txatxilipurdi Elkartea, Arremanitz kooperatiba, Elgoibarko Izarra, Hezten, Hik Hasi pedagogia ekimena, Hiruki Larroxa, Irrien Lagunak Kluba, Kokoriko - Aiaraldeako ekintzen faktoria, Lasarteko Ttakun Kultur Elkartea, Oarsoaldeko Garapen Agentzia, Plisti Plasta familia eta jolas gunea, Euskaltzaleen Topagunea, Urtxintxa Bizkaia, eta Zirimola Ikastolen elkarteko aisialdi taldea.
Urtemuga eta festa
Orain, 2012an abian jarritako proiektuaren hamargarren urtebetetzea ospatzeko ordua iritsi da, eta, ostiral honetan, irailaren 30ean, ospakizun jaia antolatu dute Garaionen (Ozeta - Barrundia). "Azken urteak ez dira errazak izan, eta, bizipen propioak izan ditugun arren, ezegonkortasun garaiak bizi izan ditugu, eta bizitzen ari gara guztiak", azaldu dute.
"Agian, Gipuzkoako herri zentral batean errazagoa litzateke, baina honelako espazio naturaletan egunerokotik ateratzeko aurki genezakeen energia zuekin partekatu nahi dugu, egungo areto eta bilera geletatik atera eta eroso sentitzen garen ingurunera bueltatuz", azpimarratu dute. Horrez gain, Oinherri elkartearen "nazio ikuspegia kontuan izanik", Araban kokatu nahi izan dute jaialdia, "proiektua ezagutzera eman eta ezagutza zein elkarlan zubiak eraikitzen hasteko".
Egitaraua
Gaurko ospakizunak bi bloke nagusi izango ditu. Goizean, udal ordezkari politiko zein teknikoekin batera, egindako ibilbidea baloratu eta aurrera begira landuko dituzten gaiak identifikatu dituzte. Arratsaldean, berriz, dinamika ludiko eta irekiago baten bueltan elkar ezagutu eta harreman zein parte sentitzearen alorrari eskainiko diote tartea.
"Elkar ezagutza sustatzea eta oinherrikide sentimenduan sakontzea, egindako ibilbidea baloratzea eta aurrera begirako erronka zein lan ildoak definitzea, eta egindako ibilbidea ospatzea", izango dira egun osoko topaketaren helburu nagusiak.
- Herri hezitzaileen sareko udal eta kideentzat:
- 9:00-10:00: Harrera eta gosaria
- 10:00-10:30: Aurkezpena, kokapena eta azken urteetan egindako lanketen azalpena
- 10:30-11:00: Garaioneko proiektua ezagutzea
- 11:00-12:00: Esperientzien azokan, hiru esperientzia aurkeztuko dituzte: Durango, Segura eta Kukuline (Baztan)
- 12:00-13:30: Orain arte egindakoaren balorazio kolektiboa eta aurrera begirako lan ildoak identifikatzeko dinamika
- 13:30: Oin Bermuta: topa eginez ospatzeko unea
- 14:00: Bazkaria
- Modu irekian:
- 16:30: Aktibazio jolasak
- 17:00-19:00: Naturan jolasean eta auzolana
- 19:00: Porrotxekin irri, kantu, dantza eta amets landaketa
- 20:00: Oinherri kantaren aurkezpena eta Beira taldearen kontzertua
- 21:00: Olatz Salvador akustikoan
- …ondoren: Pintxada kolektiboa