Aguraingo jaiak

Danborradak 50 urte bete ditu

Erredakzioa 2022ko urr. 2a, 10:00

Urdai Gutxi elkartearekin batera sortu zen, 1972. urtean, Aguraingo danborrada. K.RUIZ DE EGINO

Urdai Gutxi elkartearekin batera sortu zen, 1972. urtean, Aguraingo danborrada. Ordiziatik jantziak eta Azkoititik fanfarrea eraman zituzten lehen desfilean. Egun, Lur Sagar elkarteak antolatzen du desfilea.

Adin guztietako ehunetik gora lagun aterako dira kalera larunbat honetan Agurainen, musika bandak lagunduta, jaiak animatzera. Gaueko 21:00etatik aurrera, Gasteiz, Haurrak, Deba, Atxuri, El Cosaco, Atxutxito, Irureta eta Tatiago abestien partiturak interpretatuko dituzte danborrariek. Modu horretan, orain dela berrogeita hamar urte Urdai Gutxi elkarteak martxan jarritako tradizioari eutsiko diote.

Kepa Ruiz de Egino etnografo aguraindarrak azaldu duenez, danborrada Euskal Herrian, elkarte gastronomikoei estuki lotutako ekitaldia izan da. "Agurainen kasuan, Urdai Gutxi elkartea arduratu zen danborrada antolatzeaz, bai mutilena bai neskena, eta oso harrera ona izan zuen lehenengo ediziotik".

Ruiz de Eginoren arabera, nahiz eta lehen danborrada 1962an atera zen, 1972. urtean Floren Goikoetxea, Jose Ignacio Jorquera, Carlos Ruiz de Munain, Jose Miguel Alkorta eta Jose Antonio Lopez Perez de Arriluzeak, besteak beste, gaur egun arte jarraipena izan duen lehen danborrada antolatu zuten. "70eko hamarkada oso oparoa izan zen aldaketetan, eta horietako bat izan zen danborrada sartzea Errosarioko Ama Birjinaren jaietako zaindariaren festetan".

Danborrada horretan, herriko jende guztiak parte hartzen zuen, "nekazarietatik hasi eta industrialarietaraino". Lehen danborrada horretan, berrogeita hamar danborjole eta barrilero inguru ibili ziren La Txitol Azkoitiko fanfarrearen aurretik. Desfilean, gainera, txinatarrez jantzitako hogeita hamar bat haurrek parte hartu zuten, eta lastargiekin desfilatu zuten. Aguraindarrek erabili zituzten sukaldarien, napoleoien eta kantineroen jantziak, berriz, Ordiziako danborradako kideek utzitako uniformeak izan ziren, eta lehen danborrak eta upelak ere haiek utzi zizkieten, nahiz eta antolatzaileek konpondu behar izan zituzten.

Gasteizen, eredu

Hala, errepertorioa aukeratzea, entseguak egitea, jantziak konpontzea edo danborrak erostea izan ziren aitzindariek aurre egin behar izan zieten arazoetako batzuk. Alta, lehen edizioetan, publikoaren eta parte hartzaileen aldetik lortutako emaitza onei esker –gogoratu du Ruiz de Eginok– Aguraingo danborradaren esperientzia beste herri eta hiri batzuetara esportatu zuten."Aguraingo danborrada Gasteizen, Guardian eta abarretan izan zen". Izan ere, hiriburuan, lehen danborrada Aguraingoa baino hiru urte beranduago antolatu zuten, 1975ean, eta elkarte gastronomikoen danborradarekin batera Aguraingoak desfilatu zuen, lehen lerroan, Gasteizko kaleetatik.

Giro ona nagusi izan zen orokorrean, baina barneko arazo batzuek eta pilatutako nekeak danborrada uztera eraman zuten Urdai Gutxi lagun taldea, danborrada hasi eta hemeretzi urtera. Lekukoa Lur Sagar elkarte gastronomikoaren esku geratu zen orduan.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago