Udari agur esan eta udazkena ongi hasteko, Agurain Arrosarioko festetan murgilduko da, urriaren 1etik 9ra. Festen ardatza, beste behin, urriaren 4ko azoka izango da. Bertan, Euskal Herriko eskulangile eta gastronomia produktuak erosteko aukera ez ezik, nekazaritzako makineria eta behi, txerri, ahuntz eta ardi erakusketak ere izango dira. Baina, bereziki, lehiaketak dira garrantzitsuenak: Artzain gazta lehiaketa probintzialaren XXXVI. edizioa eta Euskal Herriko mendiko zaldi arrazako XIII. lehiaketa morfologikoa.
Halaber, Aguraingo azokaren 627. edizioan bueltan dator III. Arabako Motozerra bidezko tailla lehiaketa, Stihl-Eziolaza Amalur taldearen eskutik. 10:00etatik aurrera, Santa Maria eliza ondoan egongo dira, eta motozerra bidezko taillako erakustaldi profesional bat ikusteko aukera egongo da.
Latsariei omenaldia
Halere, azoka aurretik, hainbat ekitaldi aurreikusita daude musika, kultura, kirola eta oroimena oinarri dituztenak. Hala, txupinazoa bota baino ordu erdi lehenago, urriaren 1ean, larunbatean, Aguraingo eta bertako ergoienetako –Arriazala, Opakua, Egileor eta Alangua– latsarien lana aitortzeko ekitaldia izango da Aguraingo udaletxean, 18:30ean. Bertan udalbatzaren harrera egingo zaie emakumeei, eta aurreskua dantzatuko zaie txistulariek eta dantzariek lagunduta. Azken bi urteetan Lautadako zenbait herritan, Zalduondon, Alanguan eta Argomaizen kasu, herriko latsariek egindako lan isila eta gutxietsia aitortzeko omenaldiak antolatu dituzte, eta lan horren nondik norakoak azaltzeko plakak jarri dituzte herrietako garbitokietan.
Omenaldi ekitaldiaren eta 19:00etan botako duten txupinazoaren ostean, erraldoien eta buruhandien kalejira izango da, Aguraingo musika bandak lagunduta; eta 21: 00etan, hasiko da 50 urte betetzen dituen Aguraingo danborrada, kalez kale, Lur-Sagar elkarte gastronomikoaren eskutik.
Dupla eta Celtas Cortos
Jaietako egitarauan musika eskaintza zabala izango da aurten, bi urteko etena eta gero. Hala, Dupla eta Mafalda taldeek joko dute jaietako lehen egunean, San Juan plazan, eta toki horretan joko du, baita ere, Celtas Cortos Valladolideko taldeak, urriaren 2an, 23:00etan. Halaber, Maialen Aristegi, La Piti por Rumbas, The Sakamantekas eta Skakeitan ere arituko dira txosnagunean. Dj-ak, musika bandaren emanaldiak eta dantzaldiak ere izango dira jaietako eszenatoki desberdinetan.
Gastronomiak ere leku nabarmena izango du programan, eta zurrakapote lehiaketa izango da hilaren 7an eta kalderete lehiaketa biharamunean. Gainera, txokolate jana, txistorra jana, eta flan jatun onenak aitortzeko txapelketa izango dituzte, urriaren 3an.
Arrosarioko Andra Mariren jaiak amaitzeko, urriaren 9an, Euskal Herriko 2. mailako aizkolarien txapelketa izango da, eta arratsaldean, dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin.