Agurainen izandako indarkeria matxista kasu bat salatu du Udalak

Erredakzioa 2022ko ira. 23a, 09:08
Eguerdian eta arratsaldean elkarretaratzeak deitu dituzte Agurainen. / Alea

Udaletxek deituta, elkarretaratzea izango da 12:30ean; arratsaldean, berriz, 18:30ean, Aguraingo mugimendu feministak deitutakoa izango da San Juan plazan. 

Agurainen izandako indarkeria matxista kasu bat salatu du Udalak. Azaldu dutenez, emakume batek eta bere alabak jasan duten indarkeriarekin amaitzea erabaki dute. Udaletik elkartasuna adierazi diete biktimei, "eta bakarrik ez daudela gogorarazi". "Halaber, biktimaren ausardia nabarmendu nahi dugu, bizi duen indarkeria-zirkulua apurtzeko urrats hori emateagatik", esan dute adierazpen instituzionalean.

Udalak gogoratu du momentu honetan Lautadan indarkeria matxista pairatzen ari diren 28 emakumek bere egoera kontatzea erabaki dutela, "eta zerbitzu publikora gerturatu dira laguntza eskatzeko eta indarkeriarik gabeko bizitza bat izateko eskubideaz gozatzen hasteko".

Era berean, azkeneko indarkeria matxista kasua gaitzesteko, Aguraingo herritar guztiei dei egin diete gaur 12:00etan izango den elkarretaratzean parte hartzera. Udaletxe parean egin dute hitzordua, "une latz hauetan genero indarkeriaren biktima diren emakumeei, haurrei, eta oro har adingabeei babesa emateko". Aguraingo mugimendu feministak, bestalde, 18:30ean egingo du elkarretaratzea San Juan plazan.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide