Marutegiko Gazteluaren Egunaren hirugarren edizioa ospatu zen igandean. Uharka taldeak Araian ekin zion antolatutako egitarauari, eta, herritik abiatuta, gaztelurako bidea musika eta kale animazioz jantzita egiteko aukera izan zuten dozenaka lagunek.
Gaztelu inguruetan, Erdi Aroko giroa aurkitu zuten bisitariek. Izan ere, Otsolur elkarteko kideek Erdi Aroko janzkera eta tresneriarekin egin zieten harrera bertaratutakoei. Gainera, Jose Luis Solaun EHUko arkeologia irakaslearen eskutik Marutegiko gazteluan egiten ari diren indusketei buruzko azalpenak entzuteko aukera ere izan zuten.
Era honetan, Marutegiko gazteluaren memoria gogora ekarri eta balioan jartzeko lana egin nahi dute antolatzaileek. Erdi Aroan, Lautadako ekialdeko sarrera begiztatzeko aukera emanik, gune estrategiko garrantzitsua izan zen Marutegiko gaztelua. Gaur egun, ordea, garai bateko gazteluaren hondakinak besterik ez daude ikusgai, urteetako utzikeriaren ondorioz. Egoera horri buelta emateko asmoz hasi zuten duela urte gutxi zenbait bizilagunek Aizkorriko parke naturalean kokatzen den gaztelua gogora ekartzeko lana.