Ezinegona sortu dute garraiorako bonuak eskuratzeko zailtasunek

Erredakzioa 2022ko abu. 26a, 10:36
Renferen bonua eskuratzeko zailtasunak salatu dituzte. ALEA

Lautadako bizilagunek salatu dute arazo ugari egon direla trenerako bonuak erosteko, eta autobuserako deskontua ezingo dutela eskuratu, zerbitzua pribatizatuta dagoelako.

Asteazkenean ireki zen Espainiako Gobernuak aldirietako eta distantzia erdiko trenetarako iragarri zituen doako bonuak eskuratzeko aukera, baina Lautadako bizilagunek salatu dute arazo asko egon direla horiek eskuratzeko. Diotenez, Renferen webgunea kolapsatuta egon da azken orduetan, eta, gainera, eskualdeko tren geltokietan ez dago Renfe-ren langilerik prozesuan bezeroak artatzeko. 

Dulantziko, Aguraingo eta Araiako bizilagunak biltzen dituen Garraio Publikoaren aldeko Lautadako plataformak sare sozialen bitartez salatu du egoera.

"Renferen app-a ez dabil, Lautadako lagun askok ezin dute txartela online erosi, ezta abonua eskuratu ere", iragarri dute. Jaurlaritzari eta Diputazioari eskatu diote esku hartzeko. 

Modu berean, ezagutarazi dute hainbat erabiltzailek ez dutela modurik bidaia txartela eskuratzeko, familia ugarikoak direla adierazteko botoia ondo ez dabilelako.

Errepide bidezko garraioari dagokionez, salatu dute zerbitzua ematen duen La Burundesa konpainia ez dela bonuen sisteman sartzen, garraio publiko gisa hartzen ez delako. Hori da bederen Gasteizko bus geltokira informazio bila joan direnean jaso duten erantzuna. 

Zerbitzu hori aurten pasa behar zen Aldundiaren kudeaketara, baina SER irratiak iragarri duenez, 2023. urteko "lehen hiruhilekora arte" atzeratu dute. Hortaz, momentuz zerbitzua Nafarroako Gobernuaren kontzesioa duen La Burundesa enpresaren esku mantenduko da Lautadarik Gasteizera joateko bus zerbitzua.    

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide