Ardiak jetzi, bazkatzera atera eta gaztak egiten ematen ditu goizak Eli Gorrotxategi (Beasain, 1960) artzainak. Ilarduiako La Leze gaztandegian ez da lanik falta, eta gutxi dira oporraldiak, baina etenen bat egiteko tartea ere ateratzen du batzuetan, etxe inguruan, Altzaniako mendien magalean paseoa egiteko. Oraingoan, baina, Lautadan natura, historia, abentura eta gastronomia batzen dituen ibilaldi luzeagoa egitea proposatu du.
Ekialderago dagoen Andoin herritik abiatuko da. Hantxe, Toberiako ur-jauziek eskaintzen duten ikuskizunarekin emango dio hasiera bideari. "Euri jasen ostean izugarri ederrak dira, baina beti da paraje ikusgarria, eta beharbada nahiko ezkutuan daudelako gutxik ezagutzen dute". Ur-jauzien inguruan paseoa egin ostean, Eginotik, GR-25a hartuta, Lezerako bidea hartu du Gorrotxategik. Kareharrizko hormen inguruan, eskalatzaile ugari batzen dituen gunea da, Olano mendira doazen mendizaleekin batera. "Ondoan bizitzeko zortea daukat, inguru ederrean, eta edozein momentutan eskapatu naiteke umeekin errekan harri batzuk botatzera, arratsalde pasa; lasaitu eta indarrak hartzeko toki aproposa da".
"Jatetxeek bertako produktuen aldeko apustua egitea garrantzitsua da ekoizleontzat"
Gertu ikus daiteke Leze kobaren ahoa, ibaiaren ibilguak egindako zuloa. Barneragoko bidea egin nahi duenak Inguru Abenturak eskaintzen dituen bisitaldiekin –inguruabentura.com– egin dezake arroila jaitsiera. "Nik duela urte asko egin nuen hiru orduko saioa, ikara eta errespetu handiarekin, baina benetan esperientzia paregabea da koba barruan ibiltzea". Kaskoaren aurreko argiak bakarrik argituta, 80 metroko barrunbeak zeharkatzeko jarduerak 2021eko Fitur turismo azokako saria jaso zuen.
GR-25a jarraituta, Zirauntza ibaiaren iturburua aurki daiteke, Araiara bidean. Hemen ere ura da protagonista, eta egun-pasa egiteko txoko eta bidezidor atseginak daude inguruan. "Ur emari polita izaten du, eta familiarekin plana egiteko leku dotorea da". Animaliei dagokienez, muxar grisa da zonaldean jaun eta jabe, eta karraskari horren biologia eta ohiturak ezagutzeko Mitxarroaren etxea ere bisitatu daiteke; muxarraren bitartez, halaber, Asparreneko historia, usadio eta bitxikeriak ezagutuko ditu bisitariak, maketa eta joko elektronikoek lagunduta.
"Gertu, gainera, Arrazpi antzinako harrobia topatuko dugu. Handik harearria erauzi eta, besteak beste, Ajuria lantegiko labeak eraikitzeko lantzen zuten". Ajuria burdinola zaharreko jarduera 1847an hasi zen, eta 1985ean amaitu; lehengai guztiak eskura, lurraldeko burdinola garrantzitsuenetarikoak ibilbide arrakastatsua izan zuen, metalurgiako beste enpresa askoren aitzindari. Hainbat hamarkadatan geldi egon eta gero, industria ondarea lehengoratzeko neurriak hartzen hasi dira. "Harrobian lantalde bat ari da orain ingurua berreskuratzen; besteak beste, zirkuluerdi-formako harriak ikus daitezke, gero bagonetetan fabrikara jaisten zituztenak". Historia eskola garrantzitsua izatearekin batera, bertatik Lautadako ikuspegi ederra dagoela gogoratu du.
"Esperientzia paregabea da Leze koba barruan arroila jaitsiera egitea"
Bidean mendebalderantz jarraituz, Urbiarantz igotzen den pista dago, eta ekialderantza, berriz, Santiago bidea igaroko du bisitariak, San Adrian haitzuloa zeharkatuta Gipuzkoatik datorren bidearekin. Zalduondora iristen den bideari heltzea aukeratu du Gorrotxategik, hantxe bisita egiteko. Ondare historiko, artistiko eta kultural aberatsa du Zalduondok, derrigorrezko bisita, beraz. "Jauregi eta Erdi Aroko ermitekin batera, inguruko inauteriei buruzko erakusketa edota Zeledon bera ezagutzeko parada izan daiteke herrian". Uztailaren 31n gerturatzen denak Zeledon eguneko ospakizunez gozatzeko aukera izango du, iturriko ardo eta guzti.
Natura gosez daudenek, gainera, harizti ikusgarrietan galtzeko aukera izango dute, Zalduondotik Agurainera bidean. Zuhaitz zaharrez osaturiko multzorik handienetako bat aurki daiteke Zalduondon bertan, eta Munain eta Okarizen, Donemiliagako udalerrian. Kalkulatzen dutenez, 600 bat zuhaitzek 500 urte baino gehiago dituzte, eta badira 1500 urte baino gehiagokoak ere; batez beste bost metro inguruko perimetroa dute, eta zabalera hazi dira duela urte batzuk eman zitzaion erabileraren ondorioz.
Bidaiari amaiera Agurainen emango dio Gorrotxategik. "Amaiera polita izan daiteke bi elizen arteko ingurune historikoan paseoa egitea, arkupedun kaleak eta plazetan paseoa egin ostean".
Gaztagileak nagusi
Ibilaldian zehar, gastronomia aukera zabala eskaintzen du Lautadak, baina Araiako hiru jatetxe aukeratu ditu Gorrotxategik. Sarreran dagoen Araia sagardotegia, Umandi jatetxea herrigunean, eta Marutegi gazteluaren hondakinen azpian dagoen Marutegi jatetxea. "Bertako produktuen aldeko apustua egiten ari diren hainbat jatetxe daude, eta gure moduko ekoizleentzat ezinbestekoak dira". Asparrena da Idiazabal gazta egiten duten artzain kopuru handiena duen udalerrietako bat, gogoratu duenez, maila goreneko gaztetan trebatuta. Inguruko gaztandegietako gazta puxka bat ere izan daiteke, beraz, ibilbideari eusteko primerako mokadua.
Gorrotxategik duela 26 urte erabaki zuen Goierri utzi eta Asparrenera etortzea, Jose Mari Jauregi senarraren familiarenera, eta geroztik buru-belarri izan da gaztagintzan. Urte hauetan guztietan "errezeta" bera mantendu dela gogoratu du, lan egiteko moduak zertxobait aldatuta, eta produktu berrietarako tarte gutxirekin. "Gazta urdin bat eta bigunagoa den beste bat ere egiten ditugu, baina Idiazabal artzai gaztak bezero finkoak ditu, eta esne kopurua daukaguna daukagu, ezin dugu beste produktu batzuetarako kendu". Gaztak prestatu orduko, zain ditu enkarguak, eta laster dira apalak berriz hutsik. "Gure betiko bezeroek badakite sorta txikia prestatzen dugula, eta arin ibiltzen dira enkarguak egiteko". Amaigabeko sari zerrendak ere bultzatuko zuen salmenta; besteak beste, bost aldiz izan dira finalista Ordiziko azokan, eta urrezko domina World Cheese Awards sarietan.
Gazten erreinuan gehiago sakondu nahi duenak aukera ugari ditu; Olano gaztandegiak Eginon duen Gaztaren Interpretazio Zentroan, esate betarako, ofizioaren inguruko gakoak ikasiko ditu.