URA Uraren Euskal Agentziak Froneri Iberia SL enpresaren aurkako zehapen-espediente larria ireki duela jakinarazi du. Asparreneko industrialdean kokatutako izozki lantegi ezagunak Ametzaga ibaira behin eta berriz legez kanpoko isurketak egitea egotzi dio URAk.
Enpresaren kontrako lehen esku-hartzea urtarrilean izan zen, euri-uren bilketa hodietan apar zuriak eta koipeak antzeman ostean. Lehen kasu horretan zehapen-espediente arina ireki zuen URAk, baina ondorengo hilabeteetan zehar isurketek bide beretik jarraitu ostean ekainean "larritzat" izendatutako espedientea ireki zuen.
Egoerak onera egin ordez, berdinetan jarraitzen duela salatu du Zadorra Bizirik plataformak. Esaterako, zehapen-espediente larria ireki eta biharamunean isurketa berriak antzeman zituzten Ametzaga ibaian eta ekainaren 17an fiskaltzaren aurrean salaketa jarri zuten. "Etengabe errepikatzen da", adierazi zuten plataformako kideek salaketa jarri ostean, "gertatzen ari dena eskandalagarria da".
Zehapen-espediente larria ireki zuenetik zenbait aste igaro ostean, Miren Gorrotxategi Elkarrekin-Podemoseko bozeramaileak egoerari buruzko galdera egin dio Eusko Legebiltzarrean Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen saileko sailburuari. Tapiak bere erantzunean URAk enpresari zenbait betekizun jarri dizkiola adierazi du, hala nola, bere ur-tratamendu planta optimizatzea, behar besteko mantentze lanak egitea eta, nahikoa ez balitz, ur-hondakinen kudeaketarako alternatibak aztertzea. Gainera, URAk laginketa eta kontrolak "nabarmen handitu" dituela gaineratu du sailburuak.