Igandeko gertakariak gaitzetsi ditu Asperreneko Udalak

Erredakzioa 2022ko uzt. 8a, 16:50
Uztailaren 3an gertatutakoa gaitzetsi du Udalak. / Alea

Joan den igandean Araiako udaletxean izandako gertakariak gaitzetsi dittu udalak aho batez. Herriko jaietako sardinaren ehorzketa ospatzen ari zela, udal bulegoetan egindako kalteak salatu dituzte alderdiek.

"Azken urteotan pertsona gutxi batzuen barrua husteko ekintza bihurtu da, benetako helburuari erreparatu gabe". Gogoratu dute aurreko urteetan zenbait pertsonek taldean "manada baten moduan" babestuta zeuden pertsona batzuen oldarkortasuna jasan behar izan zutela. "Eta, jakina, ustezko anonimotasun koldar baten pean, ez dute inolako errespeturik izan, eta irina, irinez kargatutako katxiak, botilak…, neurririk gabe botatzeari ekin izan diote". Oraingoan, udal-bulegoak kaltetu dituzte, langile bat jaietako jardueretako lanean ari zela.

Igandean gertatutakoak "errespetu falta" erakusten duela adierazi du Udalak. "Herritar guztiei eta udaleko langile guztiei errespetu fata izugarria, une hartan lanean ari zenarentzat, zein hurrengo eguneko lehen orduan bere lanpostura itzultzen saiatu zirenentzat, eta zer esanik ez, garbitzaileentzat. Arbuioaz gain, kezka eta tristura eragiten dizkigu".

Era berean, ekintza horiek egin dituztenak udaletxera joateko dei egin diete: "Dei egiten diegu berriro ere bulego hauetara hurbiltzeko, elkarrizketaren bidez haien motibazioak entzuteko prest baikaude".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide