60 urteko ibilbidea ospatuko du Els Joglarsek Araian

Erredakzioa 2022ko uzt. 4a, 11:50
Abuztuaren 15ean aurkeztuko dute 'Que salga Aristófanes' lana. / Els Joglars

Abuztuaren 12tik 15era ospatuko dute aurten Araiako Umore Antzerki Jaialdia.

Araiako Umore Antzerki Jaialdiak ez du hutsik egingo, abuztuaren 12tik 15era. Jaialdi honen 29. edizioa izango da aurtengoa, Asparrenean eta lurraldea osoan umorea zabaltzeko asmoarekin datorrena. Aurten Els Joglars konpainia ospetsua izango du lagun, 60 urteko historia eta ibilbide artistiko oparoa duena, Que salga Aristófanes ikuskizuna aurkeztuko duena, satiraren sortzaileari omenaldia egiten diona, poetika handiko edukiz beteriko testu herrikoiekin.

Antzezlana Arrazpi Berri kiroldegian aurkeztuko dute, abuztuaren 15ean, 22:30ean. Dramaturgia garaikidearekin eta eszenaratze bisualarekin, dantza, musika eta literatura uztartzen ditu, adierazpen askatasuna aldarrikatzen du eta arteak moraletik kanpo egon behar duen ideia du ardatz. Hala, barrearen bidez gogoeta egitea ahalbidetzen duen ikuskizun bat eraikitzen dute. Que salga Aristófanes antzezlanak unibertsitateak kargutik kendutako katedradun baten istorioa kontatzen du; katedraduna berreziketa psikokulturaleko zentro batean barneratu dute, kargugabetzeak utzitako ondorioengatik; errealitatearen eta fikzioaren artean, katedradun honek greziar antzerkigilea askatasun eredu gisa irudikatzen du, tabuz gero eta beteagoa dagoen gizarte baten aurrean.

Ramon Fontsereren zuzendaritzapean, Pilar Saaenz, Dolors Tuneu, Xevi Vilaa, Alberto Castrillo-Ferrer eta Angelo Crotti dira istorio honetako pertsonaiak antzezten dituzten artistak, ikusleei barre katartikoak ateratzeko ardura dutenak. Els Joglarsekin batera, hurrengo egunetan deskubrituko diren beste hainbat sorpresa izango ditu aurtengo Araiako jaialdiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide