Urrats berri bat Axpuruko Eguneko Arretarako Landa Zentroaren bidean: Donemiliagako Udalak esleitu ditu Axpuruko basozainaren etxe zaharra egokitzeko lanak, "GOFEk interesa duten lau udalekin lankidetzan aritzeko interesik ez duen arren". Donemiliaga, Barrundia, Asparrena eta Zalduondoko udalak dira eskualdeko adinekoei zerbitzua emateko helburua duen proiektuaren atzean dauden udalak.
Horretarako, LEADER funtsetako diru-laguntza jaso du Donemiliagak, 49.138,63 euroko aurrekontua izango duten lanak finantzatzeko.
Lau udalek zerbitzua "ahalik eta azkarren" abian jartzeko asmoa dute, eta obrak hiru hilabetez luzatzea aurreikusi dute. Denbora horretan, besteak beste, igogailua jarri, oztopo arkitektonikoak kendu eta barrualdea egokituko dute, dutxa eta sukaldea bezalako zerbitzuekin.
"Errekurtso horren beharra ikusita, eta zerbitzu horietan arreta jasotzeko zain zazpi pertsona daudenez, aurrera egitea erabaki dugu nahiz eta Arabako Foru Aldundiak ez duen Donemiliagarekin finantzazio hitzarmenik sinatu nahi, baliabide hori duten beste 16 udalekin egiten duen bezala", kritikatu du Donemiliagako alkate Erika Letamendik. "Aldundia oztopoak eta trabak jartzen ari den arren, ez ditugu alde batera utziko adineko pertsonak, udalak baitira zerbitzu horietan eskumena dutenak, eta, beraz, irmotasunez aurrera egingo dugu proiektu horrekin".
"Pandemiak ondorio ugari izan ditu adinekoen artean eta horietako asko bakarrik bizi dira. Haiekin harremanetan jartzeko eta, aldi berean, zaintzeko aukera emango diegu, landa ingurunetik atera gabe zahartzen jarraitu ahal izan dezaten, beren gaitasunen barruan nahi duten bezala, non eta norekin", aldarrikatu du Letamendik.