XV eta XVI. mendeetako hamar dokumentu berreskuratu ditu Zalduondok, bere garaian udal artxiboan izandakoak. Zenbait arrazoi tarteko, herritar baten eskuetan zeuden dokumentuak, eta berriz bueltatu dira Udalera. Dokumentu horiei esker, zenbait alderdi eta lan-eremutan udalerriaren historia osatu ahal izango da.
Berreskuratutako artxiboekin, besteak beste, aurreko mendeetan zegoen toponimia edo mendien aprobetxamenduen inguruko iritziak jaso dituzte. Era berean, Aistrak Araiarekin duen herri-lurrei buruz hitz egiten da, eta mugarriei buruzko zenbait dokumentu berreskuratzen dira, Zalduondo eta Araia arteko lurrak hobeto definitzeko. Hurbileko beste herri batzuen, hala nola Egilatz, Erdoñana, Agurain eta Mezkia, erreferentzia historikoak ageri dira.
Emandako jatorrizko artxibo-dokumentuekin batera, beste dokumentu osagarri batzuk ere jaso ditu Udalak, udalerriko bizimoduaren eta tradizioen ikuspegi aberatsagoa ematen laguntzen dutenak; esate baterako, antzinako kanpai-kolpe motei buruzko oharrak edota Zalduondon dagoen organoari buruzko informazio zehatzak.
Udalak herritar horren jarrera eskertu nahi izan du, "Zalduondoko herritarren funts historikoari eusteko interesa erakutsi duelako". Ildo horretatik, Gustavo Fernandez Villate herriko alkateak espero du eredugarria izatea, eta dokumentu interesgarriak izan ditzaketen beste bizilagunek ere ematea. Udalak urrats hori modu publikoan edo anonimoan egitera animatzen itu herritarrak, herriko historia berreskuratzeko.