Araiako eguneko zentroak jantoki zerbitzua izango du asteburuetan eta jaiegunetan

Erredakzioa 2022ko mar. 29a, 15:54
Jantokiaren zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan emango da. ALEA

Bost lagunek estreinatuko dute jantokiko zerbitzu berria. Asparrena da zerbitzu hori eskaintzen duen landa eremuko lehen udalerria.

Asparreneko Udalak abian jarri du Eguneko Laguntza Zentroko jantokiko zerbitzu berria. Hala, joan den martxoaren 26az geroztik, asteburuetan eta jaiegunetan bazkaltzeko zerbitzua eskaintzen da Araiako eguneko arretarako landa zentroan. Bost erabiltzailek estreinatu dute zerbitzu hori.

Modu horretan, Udalak zentroaren erabiltzaileen artean antzemandako beharrari erantzun nahi izan dio, eta zaintza nabarmen hobetu nahi du, asteburuetan eta jaiegunetan kalitatezko janari zerbitzua bermatuz.

Diputazioaren ezetza

Asparreneko Udala saiatu da Arabako Foru Aldundiak, dirulaguntza baten bidez, hobekuntza hori beste zerbitzu batzuekin egiten duen bezala finantza dezan, baina ezezkoa jaso du. "Ezezko horrek ez dio Udalari atzera egin, eta udal aurrekontuetan izango litzatekeenaren kalkulu ekonomikoa egin ondoren, kostua bere gain hartu eta horren aldeko apustu garbia egitea erabaki da", zehaztu du Asparreneko alkate Txelo Auzmendik. Horretarako, aurrekontuetan 6.700€ gorde dira.

Arreta egunak handitzeak osatu egin du zerbitzu horren kalitatea hobetzeko abian jarritako prozesua. Hala, azken hilabeteotan, Lautadako Landa Garapeneko Elkartearen eskutik, produktuen erosketa, menuen prestaketa, garbiketa eta sukaldeko hondakinen kudeaketa aztertu eta hobetu da. Sukaldeak Etxebizitza Komunitarioari eta Eguneko Arretarako Landa Zentroari eskaintzen dio zerbitzua, eta guztira, 23 erabiltzaile ditu. Helburua tokian tokiko eta osasungarriak diren elikagaiak sartzea da, eta zero hondakinak politikan aurrera egitea.

"Tokiko enpresa batek kalitatezko zerbitzua eman dezakeelaren adibide bat da, jasangarritasunaren alde egin dezakeela, hurbileko elikagai osasungarriak eros ditzakeela eta nutrizio oreka hobetzen aurrera egin dezakeela", gaineratu du Auzmendik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide