Gaztetxoen artean mendizaletasuna eta euskara bultzatuko ditu Barrundiak

Erredakzioa 2022ko mar. 29a, 11:00
Bost irteera egingo dituzte maiatzetik azarora bitartean. / Aguraingo Euskara Zerbitzua

Lautadako Kuadrillak eta Barrundiako Udalak Oxigenoa euskarari egitasmoa jarri dute martxan, 2010 eta 2013 urteen bitartean jaiotako ume eta gaztetxoen artean euskararen erabilera eta mendizaletasuna sustatzeko. Maiatzetik azarora, bost irteera egingo dituzte.

2010 eta 2013 urteen artean Arabako Lautadan jaiotako ume eta gazteek Oxigenoa euskarari egitasmoan parte hartzeko aukera izango dute. Lautadako Kuadrillak eta Barrundiako Udalak antolatuta, maiatzetik azarora bitartean mendizaletasuna eta euskara bultzatzeko bost irteera egingo dituzte hiru txandatan —plazak mugatuak dira, eta gehienez hiru talde egingo dira, bakoitza egunetako batean joateko—, mendiarekin, kirolarekin, naturarekin eta elkarbizitzarekin zerikusia izango dutenak.

Maiatzaren 14an, 15ean eta 21ean, bizikleta eta bere zainketa lantzeko irteera egingo dute Marietara, eta hortik Garaioko urtegiko sarrerara. Ekainaren 11n, 12an eta 18an, berriz, eskaladaren lehen urratsak izango dira irteeren ardatz, La Lezen.

Udako etenaldiaren ostean, irailaren 17an, 24an eta 25ean, altueran ibiltzeko eta tirolinetan ibiltzeko aukera izango dute Otxandioko Abentura Parkean. Urriaren 22an, 29an eta 30ean, Cristinos kobazuloa bisitatuko dute, Opakuatik abiatuta. Azkenik, azaroaren 19an, 26an eta 27an, eskalada rokodromoan (Ozaetako polikiroldegian) eta taldekako orientazioa landuko dituzte.

Izen-ematea

Egitarau osoan parte hartzeko prezioa 30 eurokoa izango da, eta izen-ematea baieuskararilautada@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez egin beharko da, apirilaren 12ko 14:00ak baino lehen. Eskualde barneko irteeren kasuan, garraioa gurasoen esku geldituko da; Lautadatik kanpoko irteeretan, berriz, autobusa egongo da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide