Aguraingo San Joan plaza, haren arkupeak —herriko hizkeran, olbea deitutakoak—, eta plazaren alboan dauden Erregearen Ataria eta Arramel kaleak berritzeko lanak hasi dituzte aste honetan.
Obrak bost hilabetez luzatuko direla aurreikusi du Aguraingo Udalak, eta udarako bukatuta egotea espero dute.
Lan horien helburua gehienbat zoladura zein argiztapena aldatzea da. Zoladurari dagokionez, hormigoizko galtzada harriak jarriko dituzte arkupeetan eta kaleetan. Babestu dutenez, erabiliko duten materiala irristatzeak ekiditeko aproposa izango da. Material horren %30 birziklatua izango da, eta nitrogeno oxidoak eta bestelako poluitzaileak xurgatzeko ahalmena izango du, udalaren arabera. Plazan, berriz, granitozko xaflak erabiliko dituzte, kontutan izanda noizbait autoak sar daitezkeela.
Horrez gain, bankuak, paperontziak, bizikleta aparkalekuak eta trafiko seinaleak berrituko dituzte. Hoditerietan ere aldaketak egingo dituzte. Besteak beste, iturria lekuz mugituko dute, jatorrian zuen kokapenera hurbilduta.
Argiteriari dagokionez, arkupeetan LED argiak jarriko dituzte, argiztapen adimentsu bat baliatuta, hainbat kolorerekin. Inguruko faroletan ere aldaketak egingo dituzte, efizientzia energetikoa hobetu aldera.
Ernesto Sainz Lanchares alkateak nabarmendu du aldaketa hauen bitartez "herriko biztanleentzako espazio atseginagoak eta seguruagoak" lortuko direla. Zoladura eta bestelako elementuak berritzeko lanek 485.920 euroko aurrekontua dute. Argiteria aldatzeko, berriz, 74.003 euro bideratu dituzte.