Ozta-ozta sartuko lirateke hogei ume txiki Beorlatzako haritzaren barruan, nahiz eta Lautada osoan ezaguna den kondaira baten arabera behin enbor zaharraren zuloan hogei heldu ezkutatu ziren. Bolo-bolo dabil ere sare sozialetan bideo bat non hamalau mendizale ingeles agertzen diren Zalduondoko haritzaren tripetatik ateratzen. Irudi eta istorio horiek egiaztatu eta jakinmina asetu nahi izanez gero, Zalduondotik abiatu beharko da, eta Zumarraundiko bide berriaren Malpasoko aparkalekuan autoa utzi, 3009 tokiko bide seinaleztatua jarraitzeko.
Bi kilometro eta erdi inguruko txango erraza egin eta gero, Beorlatza ingurura iristen da, eta bertan dago haritz erraldoia. Beorlatzako haritza bezain zaharrak diren zuhaitz gutxi daude Arabako basoetan. Barrutik erabat husturik dago Zalduondoko erregea, eta inguruan beste hogeita bost bat haritz zahar ditu. Halere, horiekin alderatuta Beorlatzakoak perimetro askoz handiagoa du: 7,35 metroko zirkunferentzia, hain zuzen. Gainera, adituen esanetan, mila urte inguru izan ditzake.
Ibilbide hori Galarretako Aitonari edo Mendutxako haritz motzari bisita egiteko ere baliatu daiteke. Arabako zuhaitz handiena omen da Galarretako haritz kandugabea, eta bere espeziean bakarra. Zortzi metroko zirkunferentzia duen enborrak 21,70 metroko adaburuari eusten dio.
Guztira, Perretano eta Korrosparri artean, berrogeita hamar haritz erraldoi zenbatu dituzte, eta, Urkilla eta Elgeako iparraldeko magaletan egon daitezkeenak kontuan hartuz gero, guztira, 300 bat haritz egon daitezke eremu osoan.
Urtaroari dagokionez, negua da unerik egokiena haritz erraldoiak ikustera hurbiltzeko, izan ere hostorik gabe askoz errazagoa da baso zabal horietan dauden alerik handienak aurkitzea
Haritz motzak basoaren antzinako kudeaketaren
lekuko dira
Zalduondo eta Galarreta inguruko zuhaitz motz zahar horiek basoa kudeatzeko antzinako teknikaren lekuko biziak dira. Izan ere, XX. mendearen erdialdera, giza jardueren hornidura iturri nagusia izan da basoa.
XIII. mendetik aurrera, egur-eskaria areagotzen hasi zen, batez ere eraikuntzan, burdingintzan eta untzigintzan erabiltzeko. Basoak gogor ustiatzen hasi ziren, eta horretarako teknika desberdinak erabili ziren. Hasiera batean, zuhaitzak lur-mugatik mozten zituzten, eta, urte batzuetan berriro ere kimu berriak sortzen zirenez, erabiltzeko moduko egurra lortzen zuten: txaradiak izaten ziren. Hala ere, kudeaketa-modu horrek arazo handi bat zuen: ganaduak kimu berriak jaten zituen, eta dirudienez, antzinako testuen arabera, txerri-aziendaren hazkuntza oso hedatua egon zen Zalduondo inguruko mendi horietan.
Ondorioz, zuhaitzak kudeatzeko modu berria sortu zen: zuhaitz motzak. Lau edo bost metroko altueran mozten ziren, eta, kimu berriak altuera horretatik gora garatzen zirenez, abeltzainek animaliak mendian utz zitzaketen, eta, aldi berean, egurra ustiatu zezaketen.
2008. urtean egin zuten azken inbentarioaren arabera, Zalduondo eta Galarreta artean, guztira, 28 zuhaitz motz zahar daude – hau da, 4-5 metroko altuera eta 3-4 metroko perimetroa edo zirkunferentzia normala baino gehiago duten zuhaitz guztiak–. Guztiak dira haritz kandugabeak pago motz bat ezik.