Joan den ostegunean, Barrundiako Udalak 2022rako aurrekontuak onartu zituen. Guztira, 1.021.000 euroko proiektu ekonomikoa izango du, eta, horrez gain, 68.800 euroko inbertsio plan bat ere izango du; gainera, aurtengo ekitaldirako aurrekontuen %18a inbertsioetara bideratuko da.
Inbertsio nagusien artean, besteak beste, 35.000 euro aurreikusi dituzte Euskaldun Berri Plazako jolas gunea birgaitzeko, beste 4.000 euro Eskola Txikiko altzariak erosteko, 106.000 euro Hiri Antolamenduko Plan Orokorra egiteko eta beste 40.000 euro Patioko Bentako gunea eraikitzeko
Azken bi proiektu horiek ez dira 2022an guztiz burutuko; HAPO berriaren lanak lau urtez luzatuko dira, eta guztira 267.000 euro inbertituko beharko dira. Patiko Bentaren proiektua gauzatzeko, gainera, diru laguntzak eskatu ditu Udalak.
Bestalde, inbertsio planak berariazko hainbat proiektu jasotzen ditu: 15.000 euro haur eskolan eguzki plakak jartzeko, beste 29.000 euro Eskola Txikiko ikasgelak berritzeko, eta beste 15.000 euro Heredia eta Zuhatzaolaren arteko bidea konpontzeko.
Lehentasuna: baliabideen hobekuntza
Barrundiako alkate Igor Medina Isasak azaldu duenez, ekitaldi honetarako aurrekontua "baliabideak hobetzera bideratuta dago, gastu arrunta kontrolatuz eta arrazionalizatuz". Hala ere, "murrizketa ekonomikoak egiten ari diren garai honetan", zerbitzu publikoen funtzionamenduari eutsi nahi diote, eta, horrekin batera, "herriak dituen lehentasun eta erronkei erantzun". Horregatik, hezkuntza azpiegiturak eta trantsizio ekologikoa finantzatzeko hainbat aurrekontu-sail gorde dituzte.
Horrez gain, musika eta euskara ikasteko bekak eskaintzeko 9.000 euro eta Euskaraldia sustatzeko 2.300 euro izango ditu Barrundiak. Bestalde, Ozaetako Kontsumo Elkarteak 6.000 euro jasoko ditu, Ekonomatoaren mantentze lanekin jarraitzeko; Arabarrak Kirol Taldeak beste 3.800 euro izango ditu, emakumezko txirrindularitza froga antolatzeko; eta Garaion Elkarteak beste 4.600 euro, kultura programa aurrera eramateko.