Igande honetako 9:00etan Kortatik abiatu ostean, musikak eta bertsoek lagunduta, toponimoak berritu dituzte bidean zehar. 11:00ak aldera, Zumarraundiko plataformaren historia laburra azaldu dute bertatik bertara; ondoren, zumar bat landatu eta hamaiketakoa egin dute.
Ia hiru urtez itxita egon ondoren, Zalduondoko Udalak Aizkorri-Aratz parke naturalerako Arabako sarbide nagusia ireki zuen pasa den azaroan. Izan ere, 2019ko otsailean, ibilgailuei –abeltzainei eta beste kolektibo jakin batzuei izan ezik– bidea ixtea erabaki zuen Udalak, errepidea izugarri hondatuta zegoelako, eta trafiko istripuak izateko arriskua oso handia zelako.
Aurretik, Udalak bidea konpontzen laguntzeko eskatu zuen hainbatetan, ez baitzuen bere kabuz obrak egiteko aurrekonturik. Negoziazio-aldi luze baten ondoren, Zalduondoko eta Asparrengo udalek, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako eta Gipuzkoako partzuergoak akordioa lortu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere partida bat emateko konpromisoa hartu zuen, baina azkenean ez du egin.