Aita Ameriketan egon zen artzain gisa, eta, bertan lortutako diruarekin, ordura arte Hermuan alokairuan zuen etxea eta hainbat lursail erosteko moduan egon zen. Ismael Zubiak (Gasteiz, 1983) aitaren ogibidea jarraitzea erabaki zuen. Baina gauzak asko aldatu dira herrian azken hamarkadetan. Garai horretan dozena bat baserritar zeuden herrian, baina orain bi baserritar baino ez dira geratzen.
Sasiardi arrazako ardiak zaintzen dituzu. Nolakoa dira ardi horiek?
Beste ardiekin alderatuz, txikiagoak dira, eta sasi artean ederki moldatzen dira. Begi irtenak dituzte, eta belarri txikiak. Jatorriz, Goizueta [Nafarroa] ingurukoak dira, baina hemengo mendietara oso ondo egokitu dira. Txilarra edota ote asko dago hemen, eta horiek ere jaten dituzte. Galzorian dagoen espeziea da, eta gu ardi horiek berreskuratzeko programa baten barruan gaude. Horregatik, kontrol estua egiten zaie animaliei. Analisiak egiten zaizkie laborategian, eta liburu genealogiko baten barruan jasota geratzen da dena. Araldian daudenean, mendietatik jaisten ditut, latxa ardiko arrekin gurutzatu ez daitezen. Txikiagoak izan arren, oso haragi ona dute, gantz gutxirekin.
Merkatuan bereizteko modua al dago?
Ez, ez dugu beste arkumeetatik bereizteko modurik. Baina nik zuzeneko salmenta egiten dut, eta, hortaz, nire bezeroek ezagutzen dituzte arkume hauen abantailak. Araban bost ekoizle inguru gaude Arasardi izeneko elkartean. Nik, bestetik, ekoizpen ekologikoa egiten dut. Ardiak soilik mendian edo larretan elikatzen dira; eta, neguan, nik jasotako belarrarekin.
Baserrian daudenean ere kudeaketa berezia egiten duzu?
Bai, egunero edo bi egunean behin lursailaz aldatzen ditut. Modu horretan, dena jaten dute: bai belar ona zein txarra. Bestela, ardiek belar onak baino ez dituzte jaten, eta, horrela, belardiak txarrera doaz. Ondoren, beste sail batera eramaten ditut, artzain elektrikoa aldatuz, eta horrela lurrak atsedena har dezake. Ahalegin handia da, baina merezi du. Gainera, larre bakoitzean simaur gehiegirik ez dute botatzen, eta horrek mikroorganismoak eta parasitoak garatzea galarazten du. Makinaria ere ez duzu erabili behar, ezta pentsuak eman behar. Ondorioa da oso ondo jaten dutela, eta arkumeen haragia kalitate handikoa dela. Guztiz osasungarria, eta ez duzu zertan herbizida, fungizida eta ongarri kimikorik erabili behar. Nire kasuan bederen, frogatuta dago horrela ekoitzi ahal dela.
Saltoki handiekin lan egitea pentsatu al duzu inoiz?
Errazagoa izango litzateke, bai. Baina nire ideia da bezeroa ondo ezagutzea, eta azaldu ahal izatea zertan ari naizen. Zuzeneko salmentak lan gehiago eskatzen du, baina hurbiltasuna eta kalitatea irabazten dira. Gainera, besteekin alderatuta, nire prezioak antzekoak dira, ekologikoa izanda ere. Nik ez dut nahi soilik dirua dutenek ondo jatea. Iruditzen zait jende guztiak izan behar duela osasuntsu jateko aukera. Horrela eginez gero, seguruenera ospitaletan jende gutxiago egongo litzateke.
Zein da ardi hauen urteroko egutegia?
Urtearen amaieran larreetara jaisten dira, eta, eguraldiaren arabera, kortan sartu daitezke. Orduan erditzeak programatzen ditut. Erditzearen astea kortan ematen dute, eta gero berriro bueltatzen dira larreetara. Hilabete batera edo, arkumeak kendu eta saltzen ditut. Maiatzaren hasieran, artalde bat mendira doa, baina nirekin geratuko dira ama izateko aukeratu ditudan ardiak. Ekainaren hasieran artilea mozten dut, eta ondoren, ardi guztiak mendira doaz berriro, irailera arte. Araldian, hilabete batez ekartzen ditut, latxa arrazako ahariekin gurutza ez daitezen.
Behiak ere badituzu, ezta?
Terreña batzuk baditut, bai, baina horiekin momentuz ez nago hain trebatuta. Horiek urte osoan ibiltzen dira mendian, eta maneiatzeko zailagoak dira, oso izaera bizikoak direlako. Haien haragiaren kalitatea ere oso handia da.