Aguraingo Udalak iturriko ura ez edateko gomendatu die bizilagunei

Erredakzioa 2021eko abenduaren 15a

Argazkia: PIXABAY

Azken egunetako euriteen eta desizozteen ondorioz, solidoen mailak kontsumoko urarentzat gomendatutakoak gainditzen dituela antzeman dute Agurainen. Udalak iturriko ura ez edateko aholkatu die herritarrei, beste abisu bat eman arte.

Aguraingo Udalak azken egunetan argitaratutako bando batean azaldu duenez, azken egunetan izandako euriteen eta desizozteen ondorioz, udalerriko ura ez da egokia kontsumorako. Izan ere, edateko urarentzat gomendatutakoak gainditzen dituzten solido esekien mailak hauteman dituzte hornidurako uretan.

Ernesto Sainz alkateak sinatutako jakinarazpenaren bitartez, iturriko urik ez edatea eskatu die Aguraingo bizilagunei, "beste abisu bat eman arte".

Nolanahi ere, bandoa herenegunekoa da, astelehenekoa, eta azken bi egunetan egoera bideratzeko lanean aritu da Aguraingo Udala. Besteak beste, depositua aldatu dute, iturburutik heltzen den biltegitik hartu beharrean, ura erreserbako beste biltegi batetik hartzeko; gainera, hodiak hustu egin dituzte.

Alkateak azaldu duenez, asteartean egindako azterketen emaitzak aurreko egunekoak baino hobeak izan dira, eta, beraz, oso litekeena da gaur bertan, asteazkenean, gomendioa bertan behera uztea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago