Aguraingo hondakin-uren araztegi berria martxan jarri dute, azken urteetako isurketa arazotsuenetako bati irtenbidea emateko helburuarekin, Zadorrak Lautadatik jasotzen zuen isurien karga kutsatzaile handiena saihesteko asmoz. Araztegi berriaren eraikuntzak 6.350.000 euroko aurrekontua izan du, eta 22 hilabete behar izan dira behin betiko eraikitzeko.
Orain, URAk arazte-prozesua abian jarri, doitu eta kontrolatuko du sei hilabetez, HUAren etorkizuneko kudeaketan eta ustiapenean parte hartuko duten langileen taldearekin batera: ekipamendu, funtzionamendu eta lan prozesuan trebatzeko. Hondakin-uren araztegia Aguraingo Udalari eskualdatuko zaio, eta hark lagako dio Urbide Arabako Ur Partzuergoari, hark kudeatu eta ustiatu dezan. Horri esker, instalazioaren iraunkortasun teknikoa eta ekonomikoa bermatu ahal izango dituzte.
Hondakin-uren araztegia ia 34.000 biztanle-baliokiderentzat diseinatu dute, gehienez ere; 350m³/orduko ur —100 litro/segunduko— tratatu ditzake; eta 900m³/ordu inguru —250 litro/segundoko— aurretratzeko gai ere bada. Hala, araztegi berriaren instalazioak erkidegoko isurketa-puntu problematikoenetako batekin amaitzea du helburu, Zadorrako goiko tartean den arazoarekin. Hiru faseko tratamendu indartua izango du (aurretratamendua, sekundarioa eta tertziarioa), tratatutako urak ibaiaren ibilgura ahalik eta kalitate onenarekin itzul daitezen.