Astearte honetan, Zalduondoko Udalak 2022rako aurrekontuak onartu ditu. 1,4 milioi euro izango ditu guztira, 2021ekoaren hirukoitza, eta aurrekontuaren zati handi bat (1,2 milioi euro) inbertsioetarako erabiliko dira; besteak beste, bolatokia zaharberritzeko, sareak lurperatzeko, biomasa galdara bat instalatzeko eta maisuen etxean alokairuko etxebizitzak egiteko proiekturako.
Azpiegiturei dagokienez, 717.000 euro erabiliko dira herriko hegoaldeko sareak lurperatu eta urbanizatzeko lehen faserako, 220.000 euro Zumarraundiko bidea konpontzeko bigarren faserako, eta 28.000 euro ur biltegiko sarreran hormigoia jartzeko, bizilagunen arteko harremanak sustatzeko programaren barruan.
Bestalde, aurten bolatokia birgaitzeko azterlan bat egin dute, bere kokaleku estrategikoaz baliatuta, harrera eta informazio gune bat sortzeko Done Jakue Bideari, Aitzgorri-Aratz parkeari eta Lautada zeharkatzen duten bizikleta ibilbideei lotuta. 2022an zehar bolatokia eta ondoko eraikina zaharberritzeko lanak egiteko, 220.000 euro gorde dituzte.
Gainera, klima aldaketari aurre egiteko, Zalduondok biomasa galdara bat jarriko du Udalaren instalazioetan, 30.000 euroko aurrekontuarekin.
Diru laguntzei dagokioenez, 2.500 euro emango zaizkio Zalduondoko Kultur Elkarteari, tradizioak, herri jaiak eta herri erromeriak sustatzeko, eta baita udalerriko tradizio etnografiko kulturalak berreskuratzeko ere, hala nola, landa inauteriak.
"Zalduondo udalerri txikia da eta baliabide mugatuak ditu, baina, hala ere, erronka handiei aurre egin beharko die, hala nola jendegabetzea eta klima aldaketa. Alde horretatik, oso aktiboak izan gara finantziazio bideak bilatuz, eta gure bizilagunen bizi kalitatea hobetzeko beharrezko inbertsioei ekiteko behar adina diru sarrera ditugu", azaldu du Gustavo Fernandez Villate alkateak.