Zinema dokumentala hirietatik harago eramango du Zalduondok

Erredakzioa 2021ko aza. 12a, 14:17

Zalduondoko Lazarraga Jauregian izango dira proiekzioak. / ALEA

Zalduondoko Kultur Elkarteak zinema dokumentaleko ziklo bat antolatuko du Lazarraga Jauregian, azaroan, abenduan eta urtarrilean zehar hiru film dokumental eskainiz: My Stuff, When tomatoes met Wagner eta The good son.

Zinema dokumentala hiri handietatik haragoko ikusleei hurbiltzeko helburuarekin, Katalunian eta Kataluniatik kanpo 70 areto baino gehiagoren atxikimendua duen Docs Barcelona proiektuan parte hartuko du Zalduondok, herriko kultur elkarteari esker. Horretarako, azaroan, abenduan eta urtarrilean zehar, nazioarteko aintzatespena duten hiru film dokumental proiektatuko dituzte, egungo gizarte gaiak hizpide eta gaztelaniara azpidatzitako jatorrizko bertsioan.

Emanaldiak Lazarraga Jauregian izango dira, hileko hirugarren ostiraletan, 19:30ean. Egitasmoa diruz lagundu du Zalduondoko Udalak, eta, beraz, proiekzio guztiak doakoak izango dira. Honako hauek dira proiektatuko diren dokumentalak:

  • Azaroak 19: My Stuff. 80 minutuko dokumental finlandiarra da, Europako jaialdi onenetan saritua. Petrik sentitzen du bere bizitza, objektuz beteta egon arren, erabat hutsik dagoela. Benetan zer behar duen jakin nahian, esperimentu bat hasten du bere objektu guztiak biltegi batean utziz, eta bertatik egunean bakarra berreskuratuko du. Petri Luukkainen, aldi berean, dokumentalaren zuzendaria eta protagonista da. Bere burua filmatzen du krisi existentzial horren erdian, materialismoari eta kontsumo gizarteari buruzko hausnarketa interesgarri batera eramaten duena. Zoriona gehiago izatean ala gutxiago behar izatean datza?
  • Abenduak 17: When tomatoes met Wagner. Elias Greziako erdialdetik isolatuta dagoen nekazal herri txiki bat da, hiltzen ari dena. Baina bi lehengusu burutsu, Christos eta Alecco, hemengo amonekin elkartzen dira tomateak landatzeko. Beren ezagutzekin eta Wagnerren musikaren laguntza pixka batekin, beren ametsa egia bihurtu nahi dute: mundu osoan zehar tomate organikoko flaskoak esportatzea. Produktu organikoen esportazioa oso merkatu lehiakorra da, baina ustekabeko arrakastak ezustean hartzen du herri osoa, ilusioa berreskuratu baitu eta animoak eta tokiko ekonomia altxatu ahal izan baititu. Giza harremanen botereari eta krisi garaian berrasmatzearen garrantziari buruzko istorio maitagarria.
  • Urtarrilak 21: The good son. Zer gertatzen da bere ametsa edozein preziotan betetzea erabakitzen duen gazte baten burutik? Non dago muga errealizazio pertsonalaren eta norbere familiarekiko leialtasunaren eta zintzotasunaren artean? Or 22 urteko mutikoaren istorio harrigarria. Bere guraso kontserbadoreei gezurra esaten die, eta edozein preziotan aurrera egitea erabakitzen du. Beldurrari, zalantzari, familiaren garrantziari eta norbera izateko borondatearen indarrari buruzko erretratu zirraragarria.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago