Agurainek bertan behera utzi ditu hainbat ekitaldi, COVID-19agatik

Erredakzioa 2021ko aza. 4a, 10:03

Eremu gorrian dago Agurain, COVID-19aren ondorioz. ALEA

Besteak beste, haur parkeak itxi ditu, horrek intzidentzia altuari aurre egiteko lagungarria izango delakoan.

COVID-19aren "intzidentzia handia" dela-eta, Aguraingo Udalak bertan behera utzi ditu antolatutako hainbat ekitaldi, liburutegiaren zein igerilekuen gehienezko edukiera mugatu du, eta haur parkeak eta skate pista itxi ditu. 

Udal ekitaldiei dagokienez, udalak erabaki du osasun agintariek ezarritako neurri guztiak betetzea ezinezkoa den kasuetan bertan behera utziko dituztela: espazioen aireztatzea, maskara erabiltzea eta distantzia soziala mantentzea, hain justu. 

Eremu gorrian dago udalerria, azken 14 egunetan 100.000 biztanleko 1.064 kasu atzeman dituztelako bertan. Datu hori aintzat hartuta, atzoko Tokiko Gobernu Batzarrean erabaki zuten neurriak ezartzea. Hilaren 21a arte egongo dira indarrean.

Udalaren arabera, Osakidetzari eskatu zioten PCR probak herrian bertan egitea eta eskoletan behaketa masiboak egitea, baina erakunde publikoak ez ditu onartu eskari horiek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago