Iruraiz-Gaunak ez du nahi Lautada zeharkatuko duen goi-tentsioko linea

Erredakzioa 2021ko aza. 2a, 20:00

Udalerrian 72 metroko goi-tentsioko 18 dorre jarri nahi dituzte. / IRURAIZ-GAUNA

Lautada zeharkatuko duen goi-tentsioko linea elektrikoa ez egiteko eskatu du Iruraiz-Gaunako Udalak, eta proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztuko ditu.

Astearte honetan, Iruraiz-Gaunako Udalaren osoko bilkuran, EAJ eta EH Bilduk osatutako gehiengoak Arabako Lautada zeharkatuko duen goi-tentsioko linea elektrikoa ez eraikitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Bi udal taldeek, gainera, alegazioak aurkeztea adostu dute, proiektuan jasotako ingurumen inpaktuari buruzko txostenean oinarrituta.

Izan ere, txosten horren arabera, aurreikusitako azpiegitura berri horrek "eragin handia" eta "oso larria" izango du eskualde osoan: landaredian, faunan, biztanlerian, arlo sozioekonomikoan eta, oro har, paisaian.

Izan ere, hegazti migratzaileen pasabideak babestutako zonaldeei eragiten die, baita arriskuan dauden espezieen —hala nola, sai zuria eta ugatza— habiaratze-eremuei ere. Gainera, korridore ekologikoa da, eta paisaiaren kalitatearen gaineko inpaktua "oso garrantzitsua" izango litzatekeela onartzen du txostenak. Bestalde, sute-arriskua, zarata, erradiazio elektromagnetikoa, ibaibideetan izango lukeen eragina, lehendik dauden beste azpiegitura batzuen gaineko afekzioa eta inguruko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategien gaineko afekzioa ere agerian geratu dira.

Iruraiz-Gaunako Udalaren txosten teknikoa haratago doa, eta eragina azterlan horretan adierazitakoa baino "handiagoa" izango dela ondorioztatu du.

72 metroko dorreak

Goi-tentsioko linea horrek (LAAT) Lautada zeharkatuko luke 40 bat kilometrotan. Iruraiz-Gauna udalerriaren kasuan, 72 metroko goi-tentsioko 18 dorre jartzea planteatzen du proiektuak. Gainera, udalerriko gune bat, Arrieta, hariteriatik 500 metro baino gutxiagora geratuko litzateke.

Ibilbideak onura publikoko mendiak zeharkatuko lituzke, eta, gainera, eragina izango luke inguruneko uretan, goi-tentsioko beste lineetan, eta telefonia zein errepide sareekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago