Koronabirusa

Aguraingo familiek baheketa masibo bat eskatu dute, "babesgabetasun egoera" salatuz

Erredakzioa 2021ko urr. 29a, 13:20

Agurain, airetik ikusita. / AFA-QUINTAS

12 urtetik beherako umeen arteko positiboen azken asteetako gorakadaren aurrean, "babesgabe" sentitu dira Aguraingo hainbat familia. Egoera eten ahal izateko, protokoloen berri izatea eta baheketa masibo bat egitea eskatu dute.

Covid-19aren egoera epidemiologikoari buruzko Osasun Sailaren azken txostenaren arabera, Agurain intzidentzia tasa metaturik altuena duen Arabako udalerria da: urriaren 25ean, 691,20koa zen, eta 27 positibo atzeman ziren urriaren 18tik 24ra bitartean. Lurralde osoko intzidentziak, ordea, 50 kasuetatik behera jarraitzen du.

Pandemiaren unerik gogorrenak atzean geratu dira, eta neurri murriztaileak desagertu dira. Kasu askotan, egoera horrek segurtasun protokoloak lausotzea ekarri du. Agurainen, adibidez, ikastetxeetako familien protestak hasi dira, positibo kopuruaren gorakadaren aurrean sortutako zenbait egoeraren aurrean.

ALEAk jakin duenez, guraso talde batek idazki bat bidali dio Osakidetzari, egoeraren berri eman eta hainbat neurri eskatzeko; gainera, mezu elektronikoaren kopia bana helarazi diete Arartekoari, Aguraingo Udalari eta udalerriko ikastetxeei.

Gutunean salatzen dutenez, agertzen ari diren kasu positibo gehienak 12 urtetik beherako umeetan izaten dira; txertatu gabekoak. "Familiak konfinamendu kateatuak bizitzen ari gara balizko kontaktuen ondorioz, eta horrek babesgabetasun handia sortzen du", salatu dute. Hainbat egoera zerrendatu dituzte:

  • Egun batzuk lehenagoko kontaktuagatik ezarritako konfinamenduak; horren ondorioz, egun batzuetan adingabeak eskolara doaz proba egiteko deitzen dituzten arte.
  • Positiboak eskolaz kanpoko jardueretan: ez da konfinamendurik behar, eta bizitza normala egin dezakete soilik PCR proba bat eginez.
  • Familia batzuek beste batzuei ematen diete kasu positiboaren berri, baina aztarnariek ez diete deitzen; modu ez-ofizialean horren berri dutenetik bi egun igaro daitezke, konfinatu behar diren ala ez jakin gabe.
  • Irizpide desberdinak jantokirako, geletarako, aire zabaleko jardueretarako...
  • Konfinatutako adingabeak, jarduera osoan maskara erabili duten arren.
  • Ikastoletan kasu positibo bat agertzen denean, ikastolek ez diete familiei deitzen eta aztarnariek deitu arte itxaron behar dute. Horrela, adingabeek harreman estua izan dezakete ikastolan, haien bila joateko gurasoei inork deitu gabe.
  • Konfinamendu kateatuak familietan, seme-alabak ikastolara egun bakar batean eramateagatik.
  • Sei egun lehenago kontaktua izan zezaketelako adingabeak konfinatzea (tartean PCR proba eginda), baina, hala ere, konfinatuta egon behar izatea.

Adingabeen zainketa

"Babesgabetasun" egoera horiez gain —"beste asko" daudela diote—, Aguraingo familiek salatu dute adingabeak zaintzeko baja medikoak ez ematea: "Nork hartzen ditu bere gain? Guraso gehienok lanean ari gara, eta, beraz, ezin diogu utzi gure seme-alabak zaintzeari hamar egunez. Eta balizko positiboa izanik, ezin diegu eskatu beste familia batzuei edo adinekoei beren ardurapean hartzeko".

Azaldu dutenez, oraintxe bertan lanaldia %100eraino murriztea baimenduta dago, baina konfinamendu osoak irauten duen bitartean kobratu gabe; baita familiek seme-alaba baten konfinamendua beste seme-alaba batenarekin kateatzen duten kasuetan ere. "Nor egon daiteke hilabete kobratu gabe?", kritikatu dute.

Protokolo bat eta baheketa masiboa

Horren guztiaren aurrean, idazkia bidaltzen ari diren familiek bi eskakizun plazaratu dituzte: alde batetik, jarduera protokoloen berri izatea, baita jarduera batzuetarako zein besteetarako dauden irizpideei buruzko azalpen egokia ere; bestetik, Agurainen baheketa masiboa egitea eskatzen dute, "egoera hori lehenbailehen eten ahal izateko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago