Berrehundik gora urte ditu jada Araba patateroaren topikoak. Independentzia Gerraren ondoren, 1808 eta 1814 artean, herrialdean zabaldu zen patataren laborantza eta kontsumoan du oinarri mitoak. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, garai horretan utzi zioten patataren laborantzari, pertsonentzako "kalitate eskaseko elikagaia" omen zelako. Nafarroan, berriz, arestikoa da "patataren iraultza", XX. mendearen 60. eta 70 hamarkadakoa hain zuzen ere.
Araba, arabarrak eta patata protagonista duen sailaren azken pasartea Udapa kooperatiba arabarrak idatzi du. Neiker zentro teknologikoarekin indarrak batuta Edurne izeneko patata barietate berria garatu du, eta 15.000 kilo patata biltzea espero dute, aurten, lehenengo uztan. Aguraingo Azoka bere horretan ospatuko balitz, toki esanguratsua izango luke Edurnek Lautadako gainontzeko produktuekin batera.
Halere, puntako ikerketaren eta klonazioaren jomuga izatera iritsi arte, garai bateko Arabako labore izarra eta patata landatzen zituzten lurraldeko nekazariak behin baino gehiagotan bihurtu dira pelikuletan, kanpaina politikoetan eta mota guztietako jardueretan protagonista eta izar nagusia.
'El escarabajo de la patata'
Lautadako laboreen eta nekazarien inguruko lehen dokumentu filmikoetako bat Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko (MAPA) funts digitalen artean gordeta dago. Frankismoko Nekazaritza Ministerioaren Prentsa eta Propaganda sailak argitaratu zuen, 1945. urtean, eta No-Do saioaren estiloko honako sarrera du: "Hermoso patatal; bien orgullosos pueden estar de él los agricultores que lo cuidan. El pueblecito en que viven es un pueblo feliz; motivos tiene para estar alegre. Sus habitantes son trabajadores y agricultores inteligentes y consiguen magníficas cosechas de patatas, tan excelentes, que se venden con un buen sobreprecio. Tan feliz es el pueblo que se llama Alegría".
El escarabajo de la patata (Patataren kakalardoa) izena duen filma Francisco Gonzalez de la Riva Villa Alcazarko markesak eta Nekazaritza Ministerioko Argitalpen, Prentsa eta Propaganda saileko zuzendariak grabatu zuen. Nekazariek kakalardo izurriari nola aurre egin behar zioten erakustea zen asmoa. Izan ere, XIX. mendearen amaieratik, patata amerikarretatik sortutako kakalardo izurrite batek Europako uzta akabatu zuen.
Espainiako estatuan ere eragin handia izan zuen izurriteak, eta plagiziden onurak zabaltzeko propaganda-makineria guztia martxan jarri zuen frankismoak. Are gehiago, kakalardoaren kontrako pozoiak erabiltzeari uko egiten zioten nekazariak zigortzeko legeak onartu ziren; kontzentrazio-esparru batean bukatu zezaketen, isun handiak ordaintzera behartu ahal zituzten edo patataren uzta konfiskatu ahal zitzaien.
Bada, testuinguru horretan garatu zen frankismoaren nekazaritza-zinema,"irakasteko" helburuarekin, eta Francisco Gonzalez de la Riva egile nagusietako bat izan zen. 70etik gora filmetan, landa-mundu idilikoa aurkeztu zuen, gerraosteko errealitatearekin bat egiten ez zuena, abertzaletasun espainiar grinatsuaren diskurtsoaren barruan.
Pelikularen narratibari dagokionez, narratzailearen ahotsa erabili ohi zuen markesak, berezko soinurik gabeko eszenen mendeko kontakizunaren oinarrizko elementu gisa; eta bere soinu-banda preziatuenak musika klasikoaren erreferentziaz josita zeuden, oso zalea baitzen.
"Umorearen" erabilera
Osagai horiek guztiak 1945eko El escarabajo de la patata lanean agertzen dira. Ikuspegi narratibotik, Villa Alcazar markesak parabola erabili zuen baliabide didaktiko nagusi gisa, eta batzuetan grafikoak eta marrazki bizidunak ere txertatu zituen. Hala nola, Lautadan grabatu zuen dokumental laburraren hasieran, garezur bat agertzen da, eta kakalardo bihurtzen da izurriteak inbaditutako Espainiako mapa baten gainean. Hizkera herrikoiaren erabilera ere ikusi daiteke, eta publikoaren interesari eusteko asmoz, pasadizoak, "txisteak" eta "umorea" tartekatu zituen.
Egileak berak dokumentalari buruz idatzitako artikuluetan aitortu bezala, "gai zaila eta desatsegina"ri buruzko dokumentala "film monotono eta aspergarri bat" ez izatea bilatu zuen, eta landa eremukoak ez zirenentzat ere pelikula erakargarri egitea."Kakalardoei eta larbei buruz egindako film batek monotonoa eta aspergarria izatea beste erremediorik ez du; interesgarria da soilik patataren laborean aritzen diren nekazarientzat, eta bisitari arrotz eta desatsegina patatetan aurkitzen duten gizonentzat".
Modu horretan, txantxak eta irakaspenak tartekatuz, hamaika minutuko filma grabatu zuen, albistegi baten forma batzuk erabiliz, grafikoak eta marrazki bizidunak. Gai serioari sarrera umoretsua egiteko eta ikusleen arreta lehenengo momentutik erakartzeko, hodei batzuen plano batzuk grabatu zituen estudioan, eta kakalardoak Lautadako larreetan jausgailuekin salto eginez jarri zituen.
Amaieran, berriz, bentzeno hexakloruroa hartu duten hogeita hamar kakalardo ingururen agonia bitxia grabatu zuen, La Cucaracha eta Danza Macabra abestien musikarekin lagunduta. Bukatu baino lehen, filmari ukitu optimista bat eman nahi izan zion egileak, eta honako hau entzun daiteke: "El pueblo Alegria, como muchos otros, ha luchado y ha vencido. Lo que no puede hacerse es cruzarse de brazos y esperar que los pajaritos del cielo o los bomberos no limpien los patatales".
Patataren kakalardoari buruzko pelikulan, Arabako Lautada ez da kasualitatez erabiltzen den erreferentzia. Villa Alcazar markesaren dokumentalak plagiziden kontrako iritziak aldatzeko erabili izan zuen frankismoak; eta kakalardoak kaltetutako lurraldea izateaz gainera, Lautadan zegoen Iturrietako Patata Hobetzeko Estazioa, izurritea amaitzeko jarduera aitzindariak egiten ari zen esperimentazio gunea.
Iturrietako baserria
Izan ere, 1933. urtean, Iturrietan patataren laborea hobetzeko gunea sortu zen. XX. mendeko 30. hamarkadan, patata zen, gariaren ondoren, Espainiako Estatuko laborerik garrantzitsuena. Alta, gero eta produkzio txikiagoak eta txarragoak jasotzen ari ziren nekazariak, eta birusen astindu handia atzematen ari zen barietate zaharretan. 1933an, Errepublikako gobernuak Jose Maria Diaz de Mendibil nekazaritza-ingeniari gasteiztarrari krisi larria konpontzen saiatzeko plan bat egiteko eskatu zion.
Horrela sortu zen Patata Hobetzeko Estazioa, Iturrietako mendatean. Bertan, 972 metroko altueran, Holandan, Belgikan, Alemanian eta Frantzian egin zituen bidaia ugarietan ikasitako teknika berritzaileak aplikatzen hasi zen Diaz de Mendibil.
Garaiko adituei bereziki egokiak iruditu zitzaizkien, Arabako tradizio patatazaleaz gainera, ingurune horren isolamendua eta altitudea. Hala, Iturrietako Partzuergoarekin "adostutako" 59 hektareako lurretan, Arabako Foru Aldundiko teknikariek proiektuaren lehen planoak egin zituzten, inportatutako barietateak egokitzeko lanei ere ekin zieten orduan, eta beste herrialde batzuetan egindako hautapenez baliatu ziren "patataren santutegia" martxan jartzeko.
Iturrietako lehen patata mota Eminencia bataiatu zuten; egun desagertuta dago, baina goiztiarra eta errendimendu handiko landare barietatea zen. Patataren laborantza berreskuratzeko gune horren arrakastaren ostean, Estatuko beste herrialde batzuetara hedatu zen egitasmoa: Arabakoaz gain, Leon, Huesca, Asturias, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Madril eta Kanariar Uharteetan behaketa eta esperimentazio guneak ere sortu ziren.
Frankismoaren kontrola
Espainiako Gerraren ondorioz lortutako aurrerapen asko galdu baziren ere, Iturrietako proiektuak aurrera egin zuen Francisco Francoren diktaduran, eta Diaz de Mendibilek bertako arduraduna izaten jarraitu zuen. Izan ere, 1941. urtean, Ereiteko Patataren Zerbitzu Nazionalaren buru izendatu zuten Diaz de Mendibil, eta patataren kakalardoaren izurritea erabat zabalduta zegoen une horretan, patata barietate berriak sortzeko ardura izan zuen Iturrietako haztegiak.
Frankismoaren lehen urte horietan, ingeniari agronomoen eta agintari frankisten artean, lehiaketa publikoen sistema bat martxan jarri zuten, baita ereiteko pataten banaketa, kalitatezko ziurtagiriak eta laboreen zaintza. Modu horretan, gainera, landa eremuko nekazarien eta oro har biztanleen kontrola bermatu ahal izan zuten.
Halaber, patataren ikerketa gunea Iturrietako mendietan kokatzeak antzinako herrixka birpopulatzea ekarri zuen, XIX. mendean, ermita eta ermitauaren etxea eraitsi zituztenetik, biztanlerik gabeko eremu gisa agertzen baitzen. Hala, hamar familia joan ziren bertara lanera eta bizitzera, eskola eraiki zuten, eta kapera bat ere.
1945ean, langileentzat etxebizitzak, makineriarentzat eta nekazaritza produktuentzat biltegiak eta pabiloi berriak eraiki zituzten bertan; eta 1955ean, Iturrietako baserriaren bigarren inaugurazio ofiziala egin zuten, Francisco Franco diktadorearen aurrean.
Bestalde, 50. hamarkadan, Patata Hobetzeko Estazioa Arkautira zabaldu zen, Gasteiztik lau kilometrora. Bertan zegoen 1851. urtetik Arabako Diputazioak sortutako Nekazaritzako Etxalde Eredua. Harrezkero, gorabehera handiak bizi izan dira haztegian.
Egun, puntako zentro teknologikoa da, Neiker Institutuaren menpe, eta barietate berriak garatzen ari dira bertan, hautaketa klonaleko prozesuen bitartez, estatuan eta Europako Batasunean patata ekoizten duten eskualdeetako baldintza agroklimatikoetara egokituta. Orain arte, hogeita hamar barietate baino gehiago erregistratu dituzte, eta horietako zenbaitek arrakasta handia lortu dute. Europako McDonaldsetan erabiltzen duten Zorba patata mota, esate baterako, Iturrietan hazitakoa da.
Patataren produkzioan, ordea, protagonismoa galdu du Arabak. Kakalardoaren krisia bezain kaltegarria izan da Europan lehiatu ahal izateko ezarri den eredua. 80. hamarkadan 18.000 hektarea patata ereitetik 1.200 hektarea eskasera igaro da; eta 2.000 ustiategitik gora izatetik 300 baino ez izatera.