Lautadako ALEA

Nekazaritza, gainbehera

Naiara Lopez de Uralde 2021ko urr. 7a, 07:00

Adolfo Beltran de Gebarak arto gorria ekoizten du Heredian. N.LZ.DE URALDE

Belaunaldi aldaketaren eskasia, familia nekazaritzaren desagerpena, administrazioen trabak edota ekoizpen ekologikoaren inguruan dagoen sentsibilizazio urria dira gaur egun eskualdeko lur lanen etorkizuna kolokan jartzen ari diren auzi nagusiak.

Lautadan nekazari zein abeltzain ugari bizi izan da betidanik herri txikietatik banatuta, baina gero eta gutxiago dira lan honetan jarraitzen duten ustiategiak. Gazteek haien etorkizuna beste sektore batean ikusten dute egun, eta erretiroa hartuta errelebo falta duten nekazariek lurra lantzeari utzi diote, bideragarriak izateko gero eta hektarea gehiago landu behar dituzten laborariei.

Edurne Basterra, adibidez, galzorian dagoen familia-nekazaritza eredua jorratuz bizi da. 2013tik darama nekazaritza eta abeltzaintzaren munduan murgilduta, oilaskoak eta txerriak hazten, eta, hori gutxi balitz, Opakuako bidean dagoen Ilur Garden lorezaintza zentroaren jabea ere bada. Horregatik, bere senarra eta bi semeen laguntza ezinbestekoak dira emakume honen egunerokoan, familia osoaren artean eginbehar guztiak banatuz. "Ni gehienbat lorezaintza zentroan egoten naiz bezeroen eskakizunei erantzuten edota izapideetaz arduratzen, baina normalean animalien zaintzarekin zerikusia duten zereginak laurok elkarrekin egiten ditugu".

Edurne Basterra lorezaintza zentroaz arduratzen da gehienbat. N. Lopez de Uralde

Baserritarren iloba eta alaba izanda, Basterrak gertutik ezagutu ditu ogibide honen nondik norakoak. "Gaztetan lanbide honetatik ihes egingo nuela esaten nuen, baina, tira, bizitzak honetara eraman gaitu eta orain oso gustura nago egiten dudanarekin, nahiz eta urteko 365 egunetan lan gogorra egin behar izan", argitu du.

Hala ere, inguruan berea bezalako familia ustiategiak desagertzeko zorian daudela argi dauka, "orain sortzen ari diren ustiategi berriak enpresa handiak baitira; hots, behi-lantegiak, txerri-lantegiak, oilo-lantegiak,... eta bertan ez dituzte animaliak maitasunez hazten, horien helburua nekazaritza eta abeltzaintza masifikatzea baita".

Basterraren ustetan, administrazioak ere ez du ustiategi txikien alde egiten. "Izapide ugari egitera edota baldintza mordoa betetzera behartzen gaituzte enpresa multinazional bat izango bagina bezala. Oztopo asko jartzen dizkigute bidean; lege edota eskakizun berriak ateratzen dituzten bakoitzean adi egon behar dugu zigorra jaso nahi ez baldin badugu".

Emakumeen presentziari dagokionez, nekazal munduan andreak daudela baina askotan haien "inplikazioa" falta dela dio Basterrak. "Emakumeok zama asko daramagu soinean, eta normaltzat ikusten dut kargu gehiago hartu nahi ez izatea. Emakume Nekazariaren Estatutua indarrean dagoenetik, asko dira zuzendaritza kontseiluen parte direnak, baina horietako batzuk bertan egotera behartuta daude legea betetzearren, eta ez benetan nekazal munduaren alde borrokatu nahi dutelako", nabarmendu du. "Tamalez, gizonezkoen artean ere berdina gertatzen da, askok zuzendaritza taldean soilik bere interes propioen alde egiteko sartzen baitira".

Gazte gutxi

Garai batean zirenak baino askoz gutxiago badira ere, Lautadan badaude lurra lantzeaz bizi nahi diren gazteak. Jon Arnaizek, Erdoñanako 27 urteko gazteak, 2018tik darama ofizialki nekazari moduan lanean. Gaur egun zereal, ekilore, koltza, babarrun, patata edota titarroen ekoizpena berea ez den beste nekazal-ustiategi bateko lanaldiarekin bateratu egiten du. "Ogibide hau betidanik gustatu izan zait, eta aita nekazaria izanda bere erreleboa hartzea erabaki nuen".

Babarrunak bilduko ditu aurki Jon Arnaizek. N. Lopez de Uralde

Arnaizek ongi daki egun nekazal familia batetik ez datorren pertsona batentzat lurra eskura izatea zeinen zaila den. "Agian baratza edo negutegi bat jartzea posible da zenbait barazki ekoiztu eta saldu ahal izateko, baina nekazaritza estentsiboa egiteko inbertsio handiak egin behar dira makineria erosteko edota instalazio egokiak eraikitzeko".

Diru kontuak ez ezik, laborari gazte honentzat trabarik handienak burokratikoak dira. "Hau ez diot guk bete behar ditugun izapideengatik esaten, baizik eta gure menpe ez dauden izapideengatik. Adibidez, nik biltegi berri bat eraiki nahi dut eta horretarako baimena eskatu dut, baina baimen hori eman didatenerako diru-laguntza eskatzeko epea bukatu egin da, hortaz datorren urtera arte itxaron beharko dut", azaldu du gazteak.

Dena dela, sektore honetan gazte izateak zenbait abantaila ere badituela onartu du Arnaizek: "Alde batetik, diru-laguntza gehiago jasotzeko aukera dugu; eta, bestetik, teknologia berrietara ohituago egoteak ere gure alde egiten du, gaur egun izapide gehienak digitalki edota aplikazioen bitartez egin behar direlako”. 

Baina, aldi berean, Arnaizek gazte izatearen desabantailak ere gertutik bizi ditu. "Gero eta nekazari gazte gutxiago gara, orduan arestiko makineria hasiberriak direnen artean erostea ia ezinezkoa da guretzat. Bestalde, herri txikietan ere nekazariak baldin badaude bertako mantentze lanak errazago egiten dira, ardura pertsona gehiagoren artean banatuz".

Hala ere, Arnaizen esanetan, sektore honen arazorik nagusiena ekoizleek erosten edota ekoizten dituzten produktu eta lehengaien prezioak kontrolatzen ez dituztela da. "Nik besteak baino hobeto ekoiztu dezaket, baina ezin dut merkatuan oinarrian dagoen prezio hori aldatu".  

Konbentzionaletik ekologikora

Urte batzuk kanpoan ikasten ibili ostean, Adolfo Beltran de Gebara Herediara itzuli zen nekazari moduan lan egitera. Hasiera batean, bere gurasoen urratsak jarraituta, ekoizpen konbentzionalarekin jardun zuen, nekazaritzaren etorkizuna ekoizpen ekologikoa zela argi ikusi zuen arte. Bere hastapenetan lursail gutxi batzuk ekoiztu zituen modu ekologikoan "zorotzat" jotzen zutelako, baina gerora nekazaritza estentsiboa modu ekologikoan egiten zuen eskualdeko lehen nekazari bilakatu zen. "Laborari arrunt baten moduan bizirauteko gero eta lur gehiago bereganatzea beharrezkoa zela konturatu nintzen, baina nik lursail gutxiagorekin alternatibak bilatzea nahiago nuen. Horretaz gain, nekazaritzako elikagaien enpresa edo kooperatiba batentzat lan egin beharrean, nik nire produktuak kudeatu nahi nituen, horien salmenta ere kontrolatuz".

Patatak, garia, lekaleak,... Beltran de Gebarak ekoizten dituen lehengai guztiak giza kontsumorako dira, eta horiek kontsumo-taldeetan saltzen ditu gehienbat. "Lehen eskolako jantokiei, jatetxeei edota denda txikiei ere saltzen nien, baina orain banatzaile handiagoak sartu dira tartean, eta niretzat haiek eskaintzen duten zerbitzua ematea ezinezkoa da". 

Urteak pasa ahala, Beltran de Gebarak inguruko nekazariek bere pausuak jarraituko zutela uste zuen, egun Lautadan egiten den nekazaritza sistema ulertzen ez duelako. "Hasierako urteak oso gogorrak izan ziren, ekoizpen konbentzionaletik ekologikora pasatzerakoan mundu guztia aurka duzulako, baina ni pozik nago hartutako erabakiarekin, gauzak ongi atera zaizkidalako. Hori bai, ez dut ulertzen nola jendea oraindik ez den konturatu nekazaritza egitearen eredu hau pikutara doala, edota zergatik ez den administraziotik ekoizpen ekologikoa gehiago bultzatzen".

Izan ere, Beltran de Gebararen iritziz, administraziotik jasotzen dituzten laguntzak produkzioak haren interesen arabera bideratzeko pentsatuta daude. "Nik era ekologikoan eta ezohikoak diren lehengaiak ekoizten jarraitu nahi baldin badut sistematik atera beharko dut, eta diru-laguntzak ahaztu beharko ditut". 

Gainera, nekazaritza eta lurraren inguruan zegoen ezagutza hori galdu egin dela salatu du Beltran de Gebarak, eta horregatik urtero "esperimentu" desberdinak egiten ditu gauza berriak ikasteko. "Egun, hazien inguruan edota lursailetan sortu daitezkeen arazoen aurrean zalantzaren bat baldin badaukat ezin dut inorengana jo, teknikari gehienek izurriteak era naturalean nola akabatu ez dakitelako. Lehen gure gurasoek nekazaritzari buruz gu baino askoz gehiago zekiten, baina belar-pozoiak edozertarako erabiltzen hasi ginenean, ez ziguten haien jakituria igorri nahi izan, hori atzerapen bat zela uste baitzuten".

Belaunaldi errelebo falta

Sektorean belaunaldien arteko erreleboaren eskasia nabarmena da. Laborari nagusiak erretiroa hartzen doaz poliki-poliki, eta haien oinordekoek ogibidearekin jarraitu nahi ez dutenez, lurrak gehien ordaintzen duenari uzten dizkiote errentan, ustiategi horiek gero eta handiagoak bihurtuz. "Hemendik urte gutxira eskualde osoa lur-jabe gutxi batzuen artean banatuko dute, ustiategi txikiak desagerraraziz", argudiatu du Arnaizek. "Tamalez, hau gertatzearen errua gurea da, nekazariena, ondorengoei zer utziko diegun pentsatu beharrean, gure lurrengatik etekin handiena ateratzea bilatzen baitugu", esan du Basterrak. "Gainera, askotan, inguruko herrietatik datoz lur horien bila, eta errentaren prezio altuak ordaintzeko eta aldi berean haiek ere etekina atera ahal izateko, nekazaritzako elikagaien enpresa handien peoi bihurtzen dira horien esanetara lan eginez. Hau da, orain nekazaririk onena diru gehien lortzen duena da, eta ez lurra hobekien lantzen duena", gaineratu du Beltran de Gebarak.

Hau guztia gutxi balitz Lautadak AHTaren, parke eolikoen eta eguzki-baratzeen mehatxua gertutik bizi du. "Horren guztiaren kontra zerbait egin ezean, gure etorkizuna burdin artean igaroko dugu, lurra nola lantzen den ahaztuz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago