Lautadako ALEA

Gazteria ozen, argi eta tinko

Amaia Gartzia 2021ko urr. 6a, 12:59

Erabat martxan izan bitartean, ekintza desberdinak izan dira Latsarrin azken hilabeteetan. AGURAINGO GAZTE MUGIMENDUA

Bi urteren ostean, Latsarri Gaztetxea guztiz martxan jartzea eta gazte gehiagorengana heltzea dira Lautadako gazte mugimenduaren egungo erronkak.

Ia bi urte igaro dira Aguraingo gazte mugimenduak Gaztetxea eskuratu zuela. Ondoko herriek bazutenean, Agurainen gazteek ez zuten eurek kudeatutako espaziorik. 2019ko abenduaren 21etik, Latsarri Gaztetxea errealitate bat da, baina oraindik ez ehuneko ehunean.

Aguraingo gazte mugimenduak asko erakutsi du. Gaztetxea oraindik bere osotasunean erabiltzeko aukerarik ez egonda ere  –taberna moduan  ere zabaltzeko, alegia–, hainbat izan dira gazteek sortu eta antolatutako ekimenak. Harategi kalean kokatzen den eraikina Udalak aurrera eramango dituen egokitzapen obra batzuen zain dago. Pandemiak lanok atzeratu bazituen ere, hauek gauzatzen hasteko garaia dela uste dute June Diaz de Corcuerak eta Leire Alfonsok, gazte asanbladako kideek, eta "aitzakia" zantzua ikusten hasi diote argumentuari. Itxaropenik ez dute galtzen, ordea: "Aldebikotasunez erabaki genuen intsonorizazio erreforma batzuk burutzea. Erabakia komunitatearekiko errespetuarengatik hartu genuen, ez baitugu espaziotik gertu bizi diren gure auzokideei inolako eragozpenik eragin nahi. Epeei dagokionez, gure nahia aurtengo urtea bukatu baino lehen hauek exekutatzea da, eta hala izango delakoan gaude".    

Helburua beharrean, tresna

Gaineratu dutenez, gazte mugimendua osatzen duten kideentzat, Gaztetxea ez da helburu bat izan, "tresna" bat baizik. Gazteria eraldatzeko tresna hori zer edo nolakoa izan behar denaren inguruan ere badute zer esana: "Gure herrian badago Gaztetxe batek izan behar duenaren gaineko uste oker bat, eta gure jardunarekin bat egiten ez duena. Latsarri ez da soilik izango gaueko aisialdi eskaintza jakin bat eskaintzen duen espazio bat, hortik haratago doan gazte proiektu bat da".

Adierazpen hauekin, gazte mugimendua geldirik dagoenik ukatu dute, eta  horren erakusle Iturrietako mendietan ezarri nahi den proiektu eolikoaren aurka Aguraingo Gaztetxea akuilu izan dela gogoratu: "Inposatu nahi diguten proiektu eolikoaren kontrako borrokan lehen lerroan ibili gara asanbladako kideok eta orokorrean Aguraingo gazteria". Bitartean, atontze lan txikiagoak burutu dituzte gaztetxean, izan ere, ekintza ezberdinak hartu izan ditu eraikinak.

Tabernarik gabe, autofinantziazioaren bitartez edota elkartasun ekimen ezberdinen bitartez mantentzen da gazte mugimendua.

Tabernarik gabe, autofinantziazioaren bitartez edota elkartasun ekimen ezberdinen bitartez mantentzen da gazte mugimendua. Besteak beste, perkusio tailerra, inguruko historia ezagutzeko ibilbidea, udako kale zinema, hitzaldi eta mahai inguru ezberdinak izan dira. Hurrengoetako bat tupper sex-a izango da, Inguma talde feministaren eskutik.

Latsarri  herriko beste kultur eragile edo sortzaile bat bezala aldarrikatu da. Edo aldarrikatu dute gazteek orain arteko jardunarekin. Besteak beste, deigarria da oso konfinatuak izan ginenean harilkatu zuten zaintza sarea, baliabiderik ez zuten pertsonei laguntzeko ez ezik, etxeratzeak iraun zuen bitarteko bidelagun izateko. Izan ere, beste pertsona batzuentzat erosketak egiteaz gain, online bidezko aisialdia edota tailerrak eskaini zituzten, gitarra jotzeko edota josteko tutorialak, kasu. "Gure herriarekiko daukagun ardura eta konpromisoaz  jabeturik ekin genion zaintza sareari, izan ere, pandemiaren aurkako neurriek indibidualizatzera eraman gintuzten une horretan, guk komunitatearen indarrarekin erantzun genion testuinguruari". Euren kabuz antolatuz eta inolako laguntzarik gabe: "Adierazgarria izan zen bertako Gizarte Zerbitzuak gurekin harremanetan jarri izana haien behar batzuk gure sarera desbideratuz".    

Komunikazio falta

Aldebiko akordio baten bitartez lortu zuten gazteek eraikina:  "Espazioaren erabilerarako prozesu bateratua egiteko proposamena luzatu zigun Udalak, eta ordutik bide hori izan da asanbladak jorratu duena". Prozesu bateratu hori gauzatzeko gutxienekoa komunikazioa da, ordea, eta badirudi ez dela behar bezalakoa. "Oso noizbehinkakoa" bezala deskribatzen dute Diaz de Corcuerak eta Alfonsok Udalak daukan harremana, eta elkarreraginetik gutxi dauka antza denez: "Hasieran hilabetean behin geratzea adostu zen hilabete bakoitzeko planteamendua ezagut zezaten, baina noizean behin geratzera heldu gara, ez dute jarri haien aldetik gurekin geratzeko jarrerarik, gu izan gara atzetik ibili behar izan dugunak. Zentzu horretan apur bat etsi dugu".

Jaietarako planteamenduez mintzo dira Diaz de Corcuera eta Alfonso. Jairik ospatu ez arren, badirudi ekintza puntual batzuk egin egingo direla, eta euren proposamena helarazi dute gazteek ere, baina atzera bota diete. Segurtasun neurriak zaintzeko konpromisoa hartuta kulturgune moduko bat ezarri nahi zuten Txosnaguneak hartzen zuen espazioan.

Zintzotasunez mintzatuta, argi daukate pandemiak eragina izan duela, baina ezin zaiola dena osasun larrialdiari gertatutakoa leporatu: "Argi daukagu gure proiektuak ez duela %100 bat egiten Aguraingo Udal Gobernuak gazteriarentzat izan dezakeen planarekin eta argi daukagu ere gazteak izan garela jomugan egon garenak pandemia osoan zehar".

Azken hauei deia plazaratu nahi izan die Gazte Mugimenduak eta igandero gaztetxean burutzen dituzten bileretara gonbidatu parte hartzeko: "Inoiz baino beharrezkoa zaigu antolatzea eta gure etorkizuna duintzeko borrokak martxan jartzea, gazteria baikara egun sektore prekarizatuenetarikoa eta gure bizitzek ere balio dutelako ezinbestekoa zaigu sistema kapitalista heteropatriarkalari arrakalak sortzea eta bizi eredu alternatiboak eraikitzea". Egun, hamabost gaztek osatzen dute asanblada.

Orain arte eta pandemiak behartuta nahiko mugatu dute euren jarduna Latsarrin, baina egoerak hobera egiten duen heinean gauzak aldatuko direla iragarri dute gazteek.

Orain arte eta pandemiak behartuta nahiko mugatu dute euren jarduna Latsarrin, baina egoerak hobera egiten duen heinean gauzak aldatuko direla iragarri dute gazteek: "Egitarau anitzez beteriko egunak antolatzen hasteko momentua heldu zaigu".

Hala, Gaztetxeak azkenaldian antolatu dituen ekimenen artean, esate baterako, Araba Bizirik plataformaren aurkezpena izan zen joan den irailaren 24an: Aroztegia: amaren etxea defendatuko dut hitzaldia eskaini zuen Gorka Laurnagak. Horren ostean, tupper sex feminista antolatu du Inguma talde feministak Desmontando a la Pili-ren eskutik. Bertan, plazerak eta desioak aztertuko dituzte ikuspegi feminista batetik. Hitzordua irailaren 28an izango da. Eta datozen asteetarako prestatutakoak laster iragarriko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago