Agurain eta musika, edo, musika eta Agurain. Asko da zerbait betidanik existitzen dela esatea, baina harreman hau momentu honetan Agurainen eta Lautadan bizi garenok beti ezagutu izan dugu. Aspaldikoak baitira existitzen diren datuak, lehenak elizarekin lotuak.
Honetan ere elizak garrantzi handia izan zuen, oposaketa bidez aukeratutako organo-jole bana baitzegoen San Juan eta Santa Maria elizetan. Gerora izen handia hartuko zutenak pasa ziren postu horietatik, bat aipatzearren La Paloma eta El Arreglito konposatu zituen Sebastian Iradier bera, 1835 eta 1839 urteen bitartean. 1840an J.Landazabalek hartu zion erreleboa San Juan elizako organo-jole moduan, eta Aguraingo Udalaren eskaera bati erantzunez Landazabal bera eta beste elizako organo-jolea hasi ziren herriko gazteei musika irakasten. Orduan erein ziren Aguraingo Musika Bandako lehen haziak. Ordutik, gerrak zirela eta hainbat eten tartean direla, hortxe egon da Musika Banda herriko jai eta ospakizunetan herritarren gozagarri, herriko historian euren monografikoa bete dezaketen txistulariekin batera.
Bonbo eta txindatarik gabe 1907ra arte, txistulariekin batera hainbatetan, baita hala beharturik garaiko nazionalen gerrako garaipenak ospatzeko beste batzuetan ere, edota festa giroan aritzen zen "Agurain Txaranga" formatuan 80ko hamarkadan, sintonia eta itxura ezberdinetatik pasatuz iritsi da musika banda gaur arte. 90eko hamarkadara egin behar da salto musika bandaren oraingo itxura ikusten hasi ahal izateko. Musika eskola sortu, eta bertan bandarako instrumentuak ikasteko aukera eskaintzean herriko gazte askok egin zuten horren aldeko hautua, eta hori nabarmen igarri zen musika bandan. Eskolan irakasle zebilen Kepa Pinedo bandako zuzendari lanetan hasi zen garai hartan, eta gazte andana pasa zen bandako kide izatera.
Banda txikia hasiberrientzat
Egun musika bandak bi talde ditu; bata helduena eta bestea gaztetxoena. Badira bost urte Musika Banda kudeatzen duen Ramon Sagasti elkarteak hala erabaki zuela musika eskolako ikasleek helduen bandara pasa aurretik egokitze tarte bat izan zezaten. Gune aparta da bakarrik jotzetik taldean jotzerako saltoa emateko, beste instrumentu batzuekin jotzen ohitzeko, musika estilo ezberdinak ikasteko eta batez ere musika eginez ondo pasatzeko. Hori baita bandako kide guztiek (bai gaztetxoek eta bai helduek) azpimarratzen dutena: adin tartea horren handia izanik taldean dagoen giro ona.
Egun musika bandak bi talde ditu; bata helduena eta bestea gaztetxoena.
Hamabi urteren bueltan dabiltza Banda Txikian jotzen duten hamar gaztetxoak. Herriko Musika Eskolako ikasleak dira eta bandan lagunarte berri bat aurkitu dute. Primeran pasatzen dute gustuko abestiak elkarrekin prestatzen eta hala tokatzen denean helduen bandakoekin gozatzen. Beraiek dira helduen bandako harrobia, eta ez nolanahikoa, gogoa eta ilusioa nabarmenak baitira osteguneroko entseguetan. Helduen taldea osatzen duen 28kotea ere antzera, 18 urte dauzka gazteenak eta 75 helduenak, eta asko da elkarrengandik ikasten dutena. Entsegu ondorengo poteoak edota kontzertu ondorengo afariak kasik entsegua bera baina garrantzitsuagoa dira taldeko kideentzat. Bizitzak emandako esperientzia eskaintzen diote elkarri, erabat ezberdina inondik inora ere!
Asier Urreta da bi taldeetan zuzendari. Tronpa ikasketak Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatorioan hasi eta goi mailako ikasketak Donostiako Musikenen egin zituen 26 urteko gasteiztarra da Asier. Aguraingo Bandako zuzendari izateaz gain, momentu honetan Irungo Kontserbatorioan irakasle eta Gasteizko Musika Bandako kide ere bada. Agurainen eman zitzaion zuzendari moduan lehen aukera, eta ordutik asko ikasi duela onartzen du berak. Taldeko beste kide bat da, musikariekin batera ikasten ari dena, eta bai zuzendariak eta bai musikariek ikaste prozesu horretan jarritako ilusioa nabari da emanaldi guztietan.
Pandemiak etena
2020. urtea historiako liburuetan zizelkaturik agertuko den urtea izango da, arrazoi bat edo beste dela medio denok gogoan izango duguna. Musikarientzat oro har ez zen urte ona izan. Aretoak ixtearekin batera emanaldiak bertan behera geratu ziren, kalejirak ere bai, eta instrumentuari putz egiterakoan kutsatze aukeraren inguruko ikerketak ugariak izanda entsegu gelak ere denbora luzez itxi egin zituzten. Horrek bandaren jarduna tarte luze batean erabat eten behar izatea ekarri zuen, eta baita hainbat proiektu bertan behera utzi behar izatea ere.
Ohiko kontzertu eta emanaldiez gain, besteak beste Gasteizko Luis Aranburu Musika Eskolak antolatzen duen Udaband musika-campusaren ereduari jarraituz asteburu pasa musikala antolaturik zegoen 2020ko udaberrirako. Egoerak utzi izan balu, bi eguneko ikastarotxoa eta Aguraingo Bandarekin batera kontzertua eskaintzeko aukera izango zuten bai banda txikiko kideek zein gonbidapena luzatu zitzaien musika eskolako ikasleek ere. Egoerak ahalbidetzen duen bezain pronto, erronkari berriro ere heltzeko asmoa dute bandako arduradunek. Plan benetan polita da bandako kide guztientzat eta ilusioz dute gordeta, bandako partaide izatea benetan zer den erakutsi nahi dutelako. Jakitun baitira banda-kideak ere horrelako talde batean egotea ez dela erraza: "Banda herritarrak jai giroan daudenean ateratzen da, eta konpromiso hori hartzeak atzera eragiten die zenbaiti, kuadrilla utzi eta bandarekin atera behar izate hori ez da gustagarri askorentzat". Asteburu-pasa musikala antolatuz banda osatzen duen familiaren parte izateko aukera herriko musikarien esku jarri nahi izan zuten, benetan bandako kide izatea zer den bertatik bertara ikus zezaten, festetan jo behar izatea bandako kide izatearen zati txiki bat baino ez delako. 2020an ez zen posible izan, baina momentua etorriko denaren zalantzarik ez daukate.
Iazko kontzertu guztiak bertan behera geratu ziren eta anbizio handirik gabe, helduen bandako kideek azaltzen duten moduan, herrian bertan kontzertu bat eskaintzea ere nahikoa erronka da gaur egun. Horiek mantenduz gero pozik agertu dira musikariak, festak orokorrean bertan behera izanik ez baitute kalejirarik egiteko aukerarik. Hurrengo erronka Gabonetako kontzertua aurrera ateratzea izango da, eta hori prestatzen buru-belarri dabiltza musikari guztiak. Ilusioz prestatzen duten emanaldia da, denen gustukoak diren piezak aukeratzen saiatzen baitira eszenatoki gainean disfrutatuz publikoa disfruta arazteko; "gustura jotzen ditugun piezak hobeto ateratzen dira, eta hori publikoak ere antzematen du". Aretoan eskaintzen duten kontzertu bakarra da, eta maila aldetik ere zorrotzagoa dela onartzen dute musikariek; "aretoan jotzea ez da kalean jotzea bezala, arreta eta kontzentrazio handiagoa eskatzen duen gunea da, baina gustura hartzen ditugu noizbehinka horrelako erronkak, baita handiagoak ere!".
Atzera begiratuz gero, hainbat izan dira bandak izan dituen kolaboratzaileak, bai Oskorri bezalako izen handiko taldeak eta baita herritarrentzako bereziak izan diren bertako beste talde batzuekin elkarlanak ere; Eguzkilore abesbatza, Jeiki dantza taldea edo Lautadako Orkestra kasu. 2019an, pandemia aurreko Gabonetan, TikTara taldearekin kontzertu bat ematekoa zen Musika Banda. Azken momentuko arazo tekniko bat zela eta, ezin izan zen eskaini baina egitekoen atalean dagoen zerbait da, horrelako festa bat antolatzeko irrikan baitago banda.
Urtean izaten diren ekitaldiei begiratuz gero, ordea, Santa Zezilia eguna dute kuttunen musika bandako kideek. Beraien eguna da, eta bai ederki ospatu ere. Aurten ere egoerak ahalbidetzen badu ospatuko dute, iaz ez bezala diana, hamarretako, kalejira bazkari eta gerokoekin. Bejondeiela!