Lautadako ALEA

"Tailer ona eta azokak lotzeko telefonoa behar du artisauak"

Mirian Biteri 2021ko urr. 6a, 10:10

Txus Gruzeta, Heredian duen tailerrean lanean. T.G.

Zilarrarekin egindako bitxiak sortzen ditu Txus Gruzetak.

Urte asko daramatza Heredian (Barrundia) bizitzen Txus Gruzeta Otaduik (Arrasate, 1961). Ez da damutzen egun batean hartutako erabakiaz, Lautadan behar duen guztia topatu duelako; tartean, zilarrarekin egindako bitxiak sortu ahal izateko tailer aproposa.

Noiz hasi zinen zilarra lantzen?

Beti izan dut gustuko sortzea. Txikitan eskulanak egin ostean, 25 urte inguru nituela, bitxigintzarekin egin nuen topo eta formazioa egiten jarraian bihurtu nuen ogibide; eta gaur arte.     

Zilarra da oinarria, baina bestelako materialak ere erabiltzen dituzu, ezta?

Hala da. Teknikak dira aldatzen ditudanak: zilarra soilik, harriekin, akrilikoekin, elementu organikoekin edo urrearekin nahastuta, beste askoren artean.

Gainera, horietako asko euskal sinbologiarekin lotuta daude...

Bai. Gure ikurretan oinarritutako irudiak erabiltzen ditut osagarrietan, hala nola, egur tailla edo altzari zaharretatik ateratakoak. Gainera, osagarriez gain, bestelako lanak ere egiten ditut. Gogoan dut, orain dela 20 bat urte, Gara egunkariarentzat lau ikur atera genituela Aste Santurako, eta horietako bat eguzkilorea zela; hor hasi zen ospetsu egiten. Horrez gain, Mirandaolako burdinolarentzako logoak ere sortu ditut, eta Aguraingo Lope de Larrea ikastetxearentzat urtero egiten ditut zikloa amaitzen duten ikasleei ematen dizkieten hostoak. Hori bai, beti bitxigintzarekin lotutako gauzak dira.

Zure lehen tailerra Arrasaten jarri bazenuen ere, gerora Herediara joan zinen. Zergatik Lautada?

Arrasaten Lautada ez da ezezaguna. Lekua, berriz, bizitzan zehar egindako bidaia batean topatu nuen. Bertan, Herediako batzuekin elkartu eta han izugarri polita zen toki bati buruz hitz egin zidaten. Barreraino sartu zitzaidan eta itzultzean, ikustera etorri nintzen. Etxea eta tailerra egiteko aukera ematen zuen eta oso leku onean zegoen borda edo lastategi bat zen, eta, beraz, buru-belarri sartu nintzen. Ez naiz damutzen hartutako erabakiaz, oso gustura nago Lautadan. Artisauek tailer on bat eta azokak lotzeko telefonoa ondoan izatearekin nahiko; hortaz, arazorik ez.

"Azpimarratzekoa da egoera honen aurrean erakundeek egindako geldiunearen ondotik, artisauek zuzenean antolatu dituzten azokak. Laguntza eta horiei esker, halamoduz egin dugu aurrera".

Azokak aipatu dituzu. Pandemiarekin bertan behera geratu zirenak. Asko eragin dizu egoera horrek, edo?

Bai. Hasieran, dena geratu zen eta latza izan zen, gehiena azokan saltzen dudalako. Baina, autonomoa izanda, laguntzak jaso ahal izan ditut, eta horrekin eta lan egin dudan apurrarekin, moldatzen joan naiz. Horrekin lotuta, azpimarratzekoa da egoera honen aurrean erakundeek egindako geldiunearen ondotik, artisauek zuzenean antolatu dituzten azokak. Laguntza eta horiei esker, halamoduz egin dugu aurrera, baina ez lehenengoko martxan. 

Etorkizunera begira, itxaropentsu?

Oraindik ere ekintzak antolatzeko baldintza asko badaude ere, mugimendua dago eta artisauen esfortzuarekin badoa aurrera. Irailaren erdialdean, adibidez, Dulantzin izan nintzen eta urriaren 31n Lautada Eguna egingo dute Ordoñanan; eskualdeko ekoizleen azoka egongo da bertan. 

Dena dela, Internetera ere jo behar izan duzu...

Bai, pandemiarekin denok, eta bereziki nagusiak garenok, egin genuen gauza bera: online bidezko denda bat zabaldu eta sare sozialetara jo. Baina, ez da gauza bera; beste modu batera funtzionatzen du, eta ez dago material bera sarean edo postu bateko mahaian. Sareko dendan material zehatzagoak dauden bitartean, mahaian ditudanak esklusiboak dira. Nik nahiago dut arreta presentziala; pentsa, etxean ere jendea hartzen dut.

Bestalde, iaz Arabako Diputazioaren Blas Arratibelen artisauen saria irabazi zenuen 'Medusa' lanagatik. Pozgarria izango da horrenbeste urtez ogibide honetan jardun ostean zure lana goraipatzea...

Oso sari polita da eta ilusio handiz jaso nuen. Gainera, izugarrizko sorpresa hartu nuen, pieza handiak eta ederrak zeuden eta nik aurkeztutakoa txikia zen; eta hortaz, ez nuen espero.

Laguntza nahikoa al du artisauen sektoreak?

Artisauena sektore ekonomiko xumea da, ez da garrantzitsua eta ez gara ia inon agertzen; hortaz, ondo dago artisauen azokak ekonomikoki laguntzea. Pandemia dela eta, gertatzen ari dena da udalerri asko bertakoekin antolatzen ari direla azokak; oso polita da, baina bertakoekin normalean ez da artisauen azoka bat osatzen eta orduan edozerk balio du postuko mahaian jartzeko. Eta horrek kalte handia egiten digu artisauoi. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago