Lautadako ALEA

Bueltan da Dulantziko Antzerki Jaialdia

Anakoz Amenabar 2021ko urr. 5a, 08:34

Helduentzako saio guztiak 19:30ean izango dira, eta 18:00etan haurrena. / Dulantziko Antzerki Amateur Jaialdia

Iazko etenaren ostean, antzerki amateurreko lanekin gozatzeko aukera izango da, berriz ere, azaroaren 5etik 27ra bitartean; ohi baino proposamen gutxiago jaso dituzte aurten, baina ez dira faltako gustu guztietarako lanak.

Hamabosgarrena bertan da. Iazko etenaren ostean, antzerki amateurrarekin berriz gozatzeko aukera izango da aurten. Dulantziko Txema Blasco auditoriuma prest dago hamaika bazterretako askotariko antzezlanak hartzeko, azaroaren 5etik 27ra bitartean.

Dulantziko Antzerki Amateur Jaialdian parte hartuko duten bederatzi lanak aukeratzen ari dira une honetan, eta hurrengo egunetan emango dute egitarauaren berri, Maite Martinez de Compañon kultura teknikariak azaldu moduan. Pandemia aurreko urteetan baino errazagoa izango dute aukeraketa, ez baita garai bateko proposamen sorta heldu, baina pozik daude jasotakoarekin. Aurten 25 taldek egin dute proposamena, eta 80 ingurukoa zen batezbestekoa azken urteetan. "Pandemiaren eragina ikusten ari gara; taldeek zailtasunak izan dituzte azken hilabeteetan entseguekin jarraitzeko, eta nabari da proposamen kopuruan". Iaz lau lan baino ez zituzten jaso, eta, gainera, segurtasun neurriek baldintzatuta, jaialdia bertan behera uztea erabaki zuten. "Aurten indartsu bueltatuko da jaialdia, eta espero dugu oraindik neurriak baretu eta aukera gehiago izatea; dena den, egoerak baldintzatuko du jaialdia, eta horren arabera egokituko gara".

Aukeraketa lana

Ekainaren 30era bitartean jasotako lanen artean egingo dute aurtengo programa prestatzeko aukeraketa. Askotariko estilo eta gaiak jorratu ohi dituzte, eta, hain zuzen, hori da antolatzaileek bilatzen dutena. Komedia, drama, gai sozialak, klasikoak... jaialdiak antzerki erakusleiho zabala izan nahi du, kultura teknikariak azaldu moduan. "Antzerkizaletasuna sustatu nahi dugu Dulantzin, eta horretarako ezinbestekoa da ahalik eta barietate handiena eskaintzea, kalitatea bermatuko duten lanekin". Urtean zehar, udalerrian antzerki eskaintza zabala izaten dela nabarmendu du Martinez de Marañonek, hilero eskaintzaren batekin, baina Antzerki Amateur Jaialdiak ohi baino lagun gehiago biltzen ditu. "Izugarria da jaialdiak herritarren artean duen arrakasta; eserlekuen %70 eta %80 artean betetzen dira". Gainera, poliki-poliki publiko berrietara heltzeko asmoz, haurrentzako saio bat ere aukeratzen dute proposamen sortaren artean.

Jaialdiak espazio bat sortu nahi du, halaber, antzerki talde amateurren sorkuntza ezagutarazteko eta horiei bidea errazteko. Aukeratutako lanek 900 euro jasoko dituzte, parte-hartze diploma batekin. "Batik bat, garraio gastuak ordaintzeko izaten da, eta gaua inguruan igaro behar badute". Izan ere, Eukal Herrikoak dira antzerki talde gehienak, baina badaude urrunagokoak ere. "Madrildik proposamen ugari jasotzen ditugu; aurten, ordea, behera egin du hango kopuruak".

Antzerkien artean bi obra onenak sarituko dituzte, eta emakumezko zein gizonezko aktore onenentzat aipamenak izango dira. Halaber, epaimahai batek saria jaso ez duen beste antzezlan bat nabarmenduko du, eta publikoak ere gustukoena aukeratu ahal izango du. Urria amaieran jarriko dituzte sarrerak salgai, eta azaroaren 5ean emango diote hasiera jaialdiari. 19:30ean izango dira saio guztiak, umeena salbu, 18:00etan izango baita hori.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago