Aurten ere ez da azokarik egongo. Izurriak bigarrenez hitzorduaren atzeratzea ekarri du: iaz ere ez zen egin, eta, tamalez, horrek urteurren borobila zapuztu zuen: iazkoak, berez, Aguraingo azokaren 625. edizioa izan behar zuen; horiek izan ziren, bederen, azoka lehen aldiz egin zenetik igarotako urteak. Gutxi izango dira munduan horrenbeste denboraz mantendu diren antzeko ekimenak. Izan ere, 1395ean Pedro Lopez Aiarakoak Enrike III.a erregeari eskatu zion azoka antolatzeko baimena. Aurretik ere, astearteetan azoka egiten zuten aguraindarrek, baina orduan hasi ziren azoka berezia antolatzen. Lopez Aiarakoaren helburua ez zen, noski, garaiko Eusko Labela sustatzea, ezta Diputazioaren 'Araba Etorri bidaiatzera' marka turistikoa indartzea ere. Gaur bezala, hein handi batean, zergetan oinarritzen zen gizartearen aldamioa, eta azoka horretan egiten zen salerosketa bakoitzaren zati bat jauntxoaren poltsikoetara zihoan —tira, zehatzak izan aldera, poltsikoetara beharrean, jauntxoaren zorroetara zihoan, teknikoki arroparen poltsikoak ondorengo asmakizuna omen direlako—. Bestetik, jauntxoak generotan jasotzen zituen errentak salmentan jartzeko agertoki aproposa zen azoka hori.
Jauntxoak ez ezik, herri xeheak ere baliatzen zituen azokak. Amazon prime gabeko mundu batean, data eta toki zehatz batean biltzea ezinbestekoa suertatzen zen produktuak trukatzeko. Horiek mota askotakoak izanda ere, denborarekin, Aguraingoa batez ere abereak trukatzeko azoka bilakatu zen, bai Euskal Herriko zein kanpoko abeltzain eta tratularien artean ere. Egunotan, arras zaila egiten zaigu irudikatzea iraganean abereek zuten garrantzia. Euskaltegietako lehen egunotan ikasleei Aitorren hizkuntz zaharrari erakartzeko egiten diren ahaleginetan azaldu ohi den moduan, soberan adierazgarria aberats hitzaren jatorria: aberatsa da, hain justu, abere asko dituena; bai Agurainen eta baita Negurin ere.
Eta ez pentsa oso aspaldiko kontua denik: duela hamarkada batzuk ere, abereen arabera neur zitekeen familia askoren ogasuna. Horren adibide da 1910eko martxoan El Eco de Navarra egunkariak jasotzen duen gertakaria. Aguraingo azokatik bueltan zegoela, haitzulo batetik amildu zitzaizkion azokan erosi berri zituen bi idiak. Animalia preziatuak berreskuratu nahian, abeltzainak haitzulo horretara bere burua bota nahi izan zuen, baina harekin zihoazen kideek hori egitea eragotzi zioten. Azkenean, idietako bat berreskuratzea lortu zuten, baina, bigarrena, hil egin zen.
Bi lagunak ezbaian ibili ziren, harik eta batek besteari muturreko bat eman zion arte
Denborarekin, gainera, landa eremu hutsetik kanpo prestigioa eskuratuz joan zen. La Correspondencia de España egunkarian, 1890eko kronika batean jasotzen da nola, azokaren atarian, probintziaren gobernadoreari harrera egiteko prest zeuden herriko agintariak, musika banda eta guzti; baina, azkenean, gobernadorea ezin izan zen bertaratu. Halere, urte horretan Gasteizko eta inguruetako "dama dotore asko" hurbildu ziren Agurainera. Dena dela, edizio horretan dena ez zen zoriontasuna izan. Arizalan (Nafarroa), Francisco Latasa abeltzaina azokatik bueltatzen ari zen, erosi berri zuen zalditxoarekin, baina, halako batean, animalia ikaratu egin zen, eta ostikoa eman zion jabe berriari, non eta paxaren gainean. Ez dakigu garai horretan mendietan hain zabalduta zeuden bidelapurrei aurre egiteko ote zen, baina kontua da Franciscok pistola bat zeramala paxaren azpian... eta bai, nahigabean, ostikadaren ondorioz tiroa jaso zuen sabelean. Larriki zaurituta eraman zuten, baina gixajo horren patua zein izan zen ez dago argi.
Diruaren hotsa
Bidelapurrak aipatu ditugun honetan, gogoratu beharra dago jardun ekonomikoa dagoen leku guztietan bezala, azokan hainbeste diruren mugimenduak gaizkileen arreta erakartzen zuela. Besteak beste, azoka egunak diru faltsua sartzeko une eta toki aproposak ziren. Kasurako, 1909an billete faltsuak sartzen ibilitako gaizkile talde bat harrapatu zuten. Berez, Gasteizen atzeman zituzten horretan ari ziren hiru lagun, eta ondoren aitortu zuten Aguraingo azokan ibilitakoak zirela ere, diru faltsu hori zirkulazioan jarri nahian. Merkatari batengana jo zuten, 100 pezetatako billete bat trukatu nahian. Baina, antza, egun horretan merkatari zuhur batekin topo egin zuten. Poliziarengana jo zuen merkatariak, ziria sartu nahi ziotenak atxilo har zitzaten. Orotara, 2.000 pezeta atzeman zizkieten diru faltsutan.
Ukabilak, bitartekari
Tratuak ondo egitea funtsezkoa zen, eta gaizki ulertzeak, batzuetan, gaizki bukatu zitezkeen. Kasurako, Heraldo Alavés egunkariak jasotzen duen gertakaria. 1925an, Txintxetru herriko Esteban Hernandez bi txerri eraman zituen azokara. Bada, Teodoro Martinez de Iarduia izeneko lagun bat hurbildu zitzaion, eta 195 pezeta eskaini zizkion. Ederki ba! Hori adostu, eta dirua eman zion Martinez de Iarduiak. "Eta besteagatik zenbat ordainduko didazu ba?", galdetu zion Hernandezek. "Ezetz ba, nik eman dizudana bi txerrien truke izan da". Hernandezek: "Nolatan ba, hori ez da izan tratua". Ezezkoan eta baiezkoan ibil omen ziren denbora batez, harik eta Martinez de Iarduiak Hernandezi buruan muturrekoa eman zion arte, lurrera botaz. Guardia Zibila bertaratu zen, eta udal epaitegian salaketa jarri zuten. Ez dakigu nola bukatu zen kontua eta nork zuen arrazoi, baina agiriek erakusten dute hori ez zela izan Martinez de Iarduiak legearekin izandako tira-bira bakarra. Bederatzi urte lehenago Aguraingo Udalak isun bat jarri zion, arroz zaku bat lapurtzea egotzita.
Izaera berria
Antzeko istorio eta gertakari txikiekin osatu da azoka urte hauetan zehar, eta, hemen aipatu ditugunak, horren lagin txiki bat baino ez dira. Eta harrigarriena da agian zenbat denboraz mantendu den hitzordua. Izan ere, azokak gutxitan huts egin du. Batzuetan, gerrak zirela eta, ezinezkoa izan zen ospatzea: 1874. eta 1875. urteetan, karlistadagatik. 1936an, Gerra Zibilagatik. Beste batzuetan, oraingoan bezala, osasun egoeragatik. Horrela izan zen 1918an; orduan, gripe izurriagatik azoka alboratu behar izan zuten. 1885ean, kolera izurria izan zen. 2009an berriz, abererik gabeko azoka izan zen, artzainek otsoen aurkako neurriak eskatzeko protesta egin zutelako.
Denborarekin, baina, eta gizartean izandako aldaketen ondorioz, azokak bestelako izaera hartu du. Ia galtzear dagoen bizimodu baten erakusleiho bilakatu dira herri azokak, baina landari atxikita jarraitzea erabaki duten lagun askoren lana azaleratzeko unea ere. Modu berean, lehiaketek protagonismo handia hartu dute azken urteotan. Bereziki nabarmentzekoak dira gazta lehiaketa –aurten mantenduko duten ekitaldietako bat–, eta Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako lehiaketa.
Dena ondo bidean, datorren urtean espero izatekoa da azoka berreskuratzea, eta, orduan ere, istorio eta bizipen berriak bilduko dira sei mende baino gehiagoz mantendu izan den ekitaldi baten abaroan.