Ombuaren itzala filmaren proiektua ezagutzera emango dute Zalduondon, hilaren 18an, 19:00etatik aurrera. Bertan, Joseba Barriola eta Patxi Bisquert izango dira, eta Iratxe Ibarra eta Oihane Perea bertsolariak arituko dira saio berezi bat egiten. Filma Pello Mari Otaño (Zizurkil 1857 - Rosario, Argentina 1910) bertsolariaren inguruko lana da, bere bizitza eta lana zabaltzea helburu duena. "Hainbat oztopo eta zailtasunen artean, aurrera goaz proiektuarekin, Pedro Mari Otañok, ahanzturatik aldenduz, geure memoria kolektiboan merezi duen eran txertaturik iraun dezan".
Patxi Bisquert aktorea da egitasmoaren bultzatzaile nagusia, eta Zalduondoko ekitaldian bera izango da proiektua azaltzen. La fuga de Segovia, Tasio edo Akelarre pelikuletan egindako lanekin nabarmendu zen Bisquert, eta egun Eguzki Art Zinema ekoiztetxeko buru da. Gainera, kasu honetan, Bisquertek egin du gidoiaren egokitzapena, Koldo Izagirreren testuetan oinarrituta.
Auzolanean bildu nahi da filma egiteko behar den dirua eta hainbat herritan ari dira egiten aurkezpenak finantziazio hori lortu ahal izateko. 30.000 euro biltzea da helburua eta herritarrek egindako hamar euroko ekarpenekin osatu nahi dute kopurua.