XX. mendeko 30. hamarkadan, patata zen, gariaren ondoren, Espainiako Estatuko laborerik garrantzitsuena. Alta, gero eta produkzio txikiagoak eta txarragoak jasotzen ari ziren nekazariak, eta birusen astindu handia atzematen ari zen barietate zaharretan. 1933an, Errepublikako gobernuak Jose Maria Diaz de Mendibil nekazaritza-ingeniari gasteiztarrari krisi larria konpontzen saiatzeko plan bat egiteko eskatu zion.
Horrela sortu zen Patata Hobetzeko Estazioa, Iturrietan. Bertan, 972 metroko altueran, Holandan, Belgikan, Alemanian eta Frantzian egin zituen bidaia ugarietan ikasitako teknika berritzaileak aplikatzen hasi zen Diaz de Mendibil.
50. hamarkadan, Patata Hobetzeko Estazioa Arkautira zabaldu zen, Gasteiztik lau kilometrora
Garaiko adituei bereziki egokiak iruditu zitzaizkien, Arabako tradizio patatazaleaz gainera, ingurune horren isolamendua eta altitudea. Hala, Iturrietako Partzuergoarekin adostutako 59 hektareako lurretan, Arabako Foru Aldundiko teknikariek proiektuaren lehen planoak egin zituzten, inportatutako barietateak egokitzeko lanei ere ekin zieten orduan, eta beste herrialde batzuetan egindako hautapenez baliatu ziren "patataren santutegia" martxan jartzeko.
Iturrietako lehen patata mota Eminencia bataiatu zuten, egun desagertuta dagoena baina goiztiarra eta errendimendu handiko landare barietatea zena. Patataren laborantza berreskuratzeko gune horren arrakastaren ostean, Estatuko beste herrialde batzuetara hedatu zen egitasmoa: Arabakoaz gain, Leon, Huesca, Asturias, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Madril eta Kanariar Uharteetan behaketa eta esperimentazio guneak ere sortu ziren.
Francoren inaugurazioa
Espainiako Gerraren ondorioz lortutako aurrerapen asko galdu baziren ere, proiektuak aurrera egin zuen, eta 1945ean, langileentzat etxebizitzak, makineriarentzat eta nekazaritza produktuentzat biltegiak eta pabiloi berriak eraiki zituzten bertan; eta 1955ean, Iturrietako baserriaren bigarren inaugurazio ofiziala egin zuten, Franco diktadorearen aurrean.
Patataren ikerketa gunea Iturrietako mendietan kokatzeak antzinako herrixka birpopulatzea ekarri zuen, XIX. mendean, ermita eta ermitauaren etxea eraitsi zituztenetik, biztanlerik gabeko eremu gisa agertzen baitzen. Hala, hamar familia joan ziren bertara lanera eta bizitzera, eskola eraiki zuten, eta kapera bat ere.
Bestalde, 50. hamarkadan, Patata Hobetzeko Estazioa Arkautira zabaldu zen, Gasteiztik lau kilometrora. Bertan zegoen 1851. urtetik Arabako Foru Aldundiak sortutako Nekazaritzako Etxalde Eredua, nekazaritza eta abeltzaintza jarduerari bultzada bat emateko. Harrezkero, 80ko hamarkadara arte, patataren laborantzaren hobekuntza genetikora, osasunera eta animalien genetika hobetzera bideratu zuten bi zentroek bere jarduna.
Europako McDonaldsek erabiltzen duten patata, adibidez, 'Zorba' barietatea da, Araban sortua.
1981ean, nekazaritza ikerketako eskumen guztiak Eusko Jaurlaritzari transferitu zitzaizkion, eta, horiekin batera, baita Arkautiko Granja Eredua eta Iturrietako baserri esperimentala ere. Ordutik, ingurune eta nekazaritza eredu desberdinetara egokitutako barietate berrien garapenean oinarritu da zentroaren lana, eta hirurogeitik gora patata mota erregistratu ditu. Europako McDonaldsek erabiltzen duten patata, adibidez, Zorba barietatea da, Araban sortua.
Patataren garapenean izan duen paper nabarmenaz gainera, eguraldiaren saioengatik ere ezaguna da Iturrieta. Bi biztanle soilik dituen arren, erkidegoko herririk altuena da, eta ohikoa da telebistako aurkezleak bertan ikustea, elurrak estalita edo sudur-punta gorrituta.