Iragan asteazkenean Hontza Natura Elkarteak eta Aldundiak Narbaxan erreskatatutako ugatza 2020ko azaroan Jakan (Huesca, Aragoi) harrapatu zuten animalia bat da, Flumen izeneko sei urtetik gorako arra. Orduan, GPS gailu bat jarri zioten, eta, horri esker, aurtengo apirilean bere presentzia antzeman ahal izan zuten lehen aldiz Araban, Aramaion; gure lurraldeko bakarra zen.
GPS gailuaren bitartez egindako jarraipenaren arabera, handik egun gutxira Nafarroara joan zen, baina oso maiz egiten zituen bisitak Arabako Mendialdera. Uztailean eta abuztuan etengabe egon da eskualde horretan, batez ere Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE).
Joan den astean, ordea, GPSak antzeman zuen Flumenek orduak zeramatzala mugitu gabe Narbaxa iparraldeko zelai batean, eta horrek esan nahi zuen zaurituta edo hilda egon zitekeela. Horren aurrean, Arabako Foru Aldundiko eta Hontza Natura Elkarteko langileak bertaratu ziren, eta bertan topatu zuten hegaztia, bizirik. Bizirik zegoen, bai, baina jarrera txarrean: buruz behera, hankak hurritz baten urkila batean lotuta, eta hegalean azaleko zauri bat zuen. Gainera, gutxienez 30 ordu zeramatzan jarrera horretan.
Erreskatatu ondoren, Flumen Martiodako Babestutako Espezieen Berreskuratze Zentrora eraman zuten, baina, astelehen honetan Aldundiak jakinarazi duenez, bertan hil egin da asteburuan zehar, albaitariek ahalegin guztiak eginda ere. Neiker zentro espezializatuak dagokion nekropsia egingo dio orain, heriotzaren arrazoiak hobeto ezagutzeko.
Seinaleztatu gabeko linea elektrikoa
Antza denez, Flumenek hegaztientzat seinaleztatu gabeko kable elektriko batekin talka egin zuen, desagertzeko arriskuan dagoen miru errealeko neguko etzaleku batetik oso gertu. Hori dela eta, Hontza elkarte animalistak linea elektrikoa seinaleztatzea eskatu du, harraparien talka gehiago saihesteko.
Halaber, kablerik gabeko lekuetan ugatzentzako eta sai zurientzako janlekuak jartzeko eskatu dio Hontzak Foru Aldundiari, "hegazti horiek lasai jan dezaten, gaur egun elikagaiak aurkitzeko zailtasunak baitituzte".