Gure bazterrak

Arno, harrizko labirintoa

Erredakzioa 2021ko api. 1a, 06:00

Alemaniarren baltsa Entzian aurki daitekeen urmael ederra da.

Opakua mendatetik abiatuta, Entzia mendilerroan zehar barneratzen den ibilbide hau edozein garaitan egiteko txango atsegina da. Abiapuntura iristeko, mendatea igoko dugu eta altuera gorenera iristean, ezkerretara sartzen den bidea hartuko dugu. Eskuinetara pagadia eta ezkerretara pinudia dituen errepide horretatik sartuko gara autoarekin, eta 2 km-ra lehen aparkalekua ikusiko dugu. Hemen utziko dugu autoa eta oinez hasiko dugu bidea, aparkalekuaren aurreko bidexkatik barrena Alemaniarren presara iritsi arte.

Entzia mendilerroaren erdian dagoen baltsa handi bat da Alemaniarren baltsa bezala ezagutzen dena, eta baltsaren amaieran dagoen zubia bilatuko dugu. Ondoren, goranzko bideari ekinda, Iturbeltzeko iturrira iritsiko gara. Ur fresko pixka bat edan eta bideari jarraituko diogu, zelai handi batera iritsi arte. Hemen, oinez iritsiko gara mendilerroaren ertzeraino; bertatik Arabako lautadaren ikuspegi ikusgarriak izango ditugu. Handik, eskuinetara joko dugu, GR-282 artzaintzaren bideari jarraituz. Gailurrak jarraituz, Mendi Garaitik igaroko gara, Peña Gorriaren postontzira iritsi arte.

Artzainen bideari jarraituko diogu eta San Romango atea aurkituko dugu. Bertan bi aukera izango ditugu: hesiari itsatsitako bidezidorra jarraitzea elefantearen harkaitza ikusteko edo San Romango portuko atearen parean dagoen bidezidorra hartzea eta Arnoko labirintoan sartzea. 

Arnoko laberintoan barrena harrien forma eta irudiak gozatzeko aukera izango dugu. Harrien artean jolasean ibiltzeko tarte bat hartzea ezinbestekoa izango da txoko ezkutu honetan. Basoan barneratuta, beherako bideari jarraituta, berriz ere iritsiko gara Aleamaniaren presara, eta hortik kotxea utzi dugun tokira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago