Gure bazterrak

Aitzkomendi, Neolito garaiko tenplua

Erredakzioa 2021ko api. 15a, 06:00

Garai bateko handitasuna galdu arren, egun ikus daitekeen trikuharri ikusgarrienetakoa da Egilazkoa.

Lautadako Egilaz herrian kokatuta dagoen Aitzkomendi trikuharria 1813. urtean, iberiar penintsulan identifikatu zen lehen trikuharria izan zen. Lehen aurkikuntza hartatik, esku hartze ugari jasan ditu trikuharriak eta jatorrizko itxura nabarmen aldatu da. Hala ere, Euskal Herrian ikus daitekeen trikuharri ikusgarrienetakoa izaten jarraitzen du.

Trikuharriaren egitura eratzen duten osagaiak harlauza teilakatu handiek osatzen duten ganbera poligonal bat; gaur egun galduta egon arren, 6 bat metro luze zituen sarbide estalia eta tumulu handi bat dira. Jatorrizko tumuluak 30 metro inguruko diametroa zuen, eta haren gainean ziur asko errituetan dozenaka su egin izanaren arrastoak aurkitu ziren. Bigarren fase batean, tumulua zabaldu egin zuten, 64 metroko diametroa hartu arte. 

Aitzkomendi Nafarroa eta Araba arteko pasabidean kokatzen da, gune estrategikoan, eta Neolito garaian du jatorria. Bertan kokatzen ziren tribuetako agintari edota gerlarien hilobia izan daitekeela uste da; ugariak izan baitziren bertan aurkitutako arma eta borrokarako tresnak.

Monumentu osoan zehar (ganbera, sarbidea eta tumulua) garai desberdinetako hainbat giza aztarna eta objektu aurkitu izan dira. Tamalez, aurkikuntza goiztiarraren eraginez, lehen indausketak ez ziren behar bezain besteko arrretaz egin eta, egun, aurkitutako material horietako asko eta asko galdu egin dira.

Jose Miel Barandiaranen eskutik 1965. urtean egin zen indusketan, inguruko muino honen zati bat kendu egin zen trikuharria urrutitik ikusgai egon zedin; eta bertan aurkitu zituzten trikuharriaren inguruan gunea eta bertan lurperatutakoak gurtzeko pizten ziren suen aztarnak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago