Ozeta herriko Otaza auzoan kokatuta dagoen Garaion Sorgingunea ez da espazio hertsia. Ateak zabalik dituen egoitza baten gisan irudikatu behar dugu, sorkuntzaren haizea jaso, baliatu eta bertan geratu ez ezik, berau barreiatzen saiatzen dena. "Gaitasun asko ditugu eta gehienak lo izaten ditugu, horiek pizteak askatasuna eta aukera berriak ematen dizkigute", aipatu du sortzaileetako batek, "eta benetan garrantzitsua da hori" gaineratu du.
Garaionen jatorria ulertzeko hainbat urte egin behar dugu atzera, 1994.urtera, hain zuzen. Mondragon taldeko Erkoop kooperatibak Arrasateko Txatxilipurdi Elkarteari egun Garaionen egoitza den etxea erabiltzeko aukera eskaini zion, gazteen artean gure hizkuntza bultzatzeko espazio bezala sormen egitasmoen bitartez. Haatik, ez zen 2008. urtera arte izan orain arte ezagutzen dugun bezala funtzionatzen hasi zela.
Sormena lantzeko aukerak eskaintzea du helburu nagusi Garaionek bere sorreratik
Proiektuak auzolana ardatz nagusitzat badu ere eta esku ezberdinek eraiki eta aberastu badute ere, hastapen horietan bi izen batu ziren hasierako forma emateko: Amaia Gabilondo eta Julia Lopez, bertako kudeatzaileak eta kooperatibako bazkideak.
Lehenengoa Euskararen normalizazioan eta bigarrena Arte Ederren eta ikus-entzunezkoen munduan trebatutakoa. Garaionen bizi dira biak, baina haiekin batera gutxienez bi edo hiru sortzaile egoten dira ia egunero. Izatez, "sormen fabrika" bezala izendatua dago 2016tik Eusko Jaurlaritzarengatik.
Horren bidez, "Sorgune" deritzon laguntza jasotzen dute, zeinak Garaion bezalako espazio kultural independenteei egitasmoak sortzeko aukera bermatzen dien, era berean, hauek artista eta sortzaileak lagundu ditzaten euren sormen prozesuetan: "Sormen egonaldietara edota bestelako jardueraren bat antolatu nahi duen talde edo pertsonak gurekin harremanetan jarri eta beti saiatzen gara lekutxo bat eskaintzen".
Udako kanpaldiak
Uda aldean, berriz, iaz ez baina aurreko urte guztietan kanpaldiak izan dituzte Garaionen. Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Debagoienako haur eta gaztetxoak egon izan dira bertan. Udalekuen bidez ere, autofinantziazioa lortzen dute. Gaur egun, gazteentzako aterpetxe ofizial izendapena jasotzeko lanean dihardute.
Garaionen helburuak hiru dira nagusiki. Arestian aipatu bezala, lehena sortzailetasuna gizarteratzea da, sormen gaitasuna bultzatu eta guztion sortzailetasuna bizitzeko aukerak eskaintzea. Bigarrena, naturaren egoera hobetzeko erantzukizunez jokatzeko sentsibilizazio lana egitea da, elikaduratik hasita –baratze propioa ere badute–, ura zainduz, gure basoak ezagutu eta baso espazioak gehituz. Eta hirugarrena ondare soziala balioan jartzea da, hau da, lanbide zaharrak gaur egunera ekartzea, baita betidaniko egiteko moduak ere, eta hor auzolana dugu. Azken puntu honen baitan galtzear dauden ofizio zaharren jakituria batu eta eguneratzeko konpromisoa dute, otarregintza eta artilegintza, kasu.
Haurren udalekuak, ikastaroak, tailerrak eta beste zenbait proiektu garatzen dituzte
Ezagunak dira inguruan, besteak beste, zumitzarekin egindako Garaiongo egitura ezberdinak, nerabeei zuzendutako tailerren bidez eraikiak. Ikusgarriena, zalantzarik gabe, 250 metro dituen labirintoa da, Cuencatik ekarritako 10.000 zume biziekin eraikia. Gaur egun zume-biziarekin jolasguneak sortzen dituzte, Bizi-Bizia proiektuarekin.
"Eta ondarerik preziatuetan eta hiru helburu horiek biltzen dituena euskara da, aipatutako helburu horiek guztiak euskaraz garatzea baita helburu nagusia". Jolasak eta irudimenak euskara bultzatzeko zuten botereaz jabetu zen aspaldi Gabilondo: "Jolasak hizkuntzaren ikasketa prozesu erlaxatuago batean laguntzen du, inolako gatazkarik gabekoa".
Sormenak irekitzen dio bidea hizkuntzari. "Konturatu ginen antzerki, dantza, zirko, grafiti, irrati edo telebista tailerretan euskara erraz erabiltzen genuela, eta oso ondo pasatzen genuela, eta poliki harreman hizkuntza ohitura berriak bihurtzeko pausotxoak ematen genituela".
Sormena da iparra
Sormenaren bidetik, auzolanak, bestalde, harreman sare sendo bat sortzeko aukera eman die ere. Sormen jarduerak asko laguntzen dute, guztion nahi eta gogoei irtenbideak eskaintzen. Hori guztia oso osasungarria da, jendartearen arteko aberastasuna sortzen baitu, harreman aberatsagoak: "Talde izaera, auzotar, lagunarte eta herri izaera lantzen laguntzen du sortzailetasunak. Herri berritzailea izan nahi badugu, sormenean heziak behar dugu izan".
Hasieretara bueltatuz, auzolana eta land-art-a uztartu zituzten Garaionen. Otaza auzoan plataneroak dituzte, eta euren kimatzetik baliatutako adarrak erabiltzen hasi ziren egiturak sortzeko. Arte garaikideko korronte honi jarraiki, naturak berak eskainitako materialak baliatzen dituzte artelanak sortzeko.
Horrez gain, Garaioneko guneak berrizteko funtsezkoa izan da auzolan hori. Baina ez da bakarra izan: "Lastategia antzoki bihurtu genuen bioeraikuntza ikastaro bati eta bertako ikasle taldeari esker, eta hori magikoa izan zen".
Hiru gune
Garaionek hiru gune nagusi ditu: bizipenak, haztetxea eta sorgingunea. Bizipenen barruan eskaintzen dituzten programa edo proiektu zehatzak daude, lehen aipaturiko Bizi-bizia proiektua, esaterako. Horrez gain, Euskal Herriko hamaika herri eta eskolatan 16-18 urte bitarteko gazteekin 90 artelan sortu dituzte, eta egun bateko egitasmoak ere eskaintzen dituzte: egun-pasa sortzaileak, zinema, ipuinak edota gastronomia ardatz.
Sortzera, urtero, 100 bat sortzaile joaten dira eta eurekin batera 25 ikuskizunen eskaintza dauka Garaiongo antzokiak
Haztetxea, ikastaroen txokoa da: "Eskola izena aldatzeko gogoa genuen eta hor otarregintza edo bioeraikuntza ikastaroak antolatzen ditugu urtero. Eta puntualki beste ofizio batzuk pizteko tailer aukerak martxan jartzen ditugu: ehungintza, artilearekin edo arto-buru azalarekin".
Baina beste arlo batzuetakoak ere egon izan dira, marrazki bizidunen tailerrak, edota harremanak hobetzekoak, talde dinamikenak, begiraleei zuzendurikoak, edota sortzaile taldeentzat.
Sorgingunea, azkenik, sortzeko guneari lotuta dago. Sortzera, urtero, 100 bat sortzaile joaten dira eta eurekin batera 25 ikuskizunen eskaintza dauka Garaiongo antzokiak. Iragan berri den urtean, pandemiak ez zuen guztiz geldiarazi eskaintza hori: "Covidaren urtean 1.600 lagun etorri dira gure ikuskizunetara, oso pozik gaude, bizirik mantendu dugulako sortzaileekin batera Garaioneko jarduera", azaldu du Gabilondok.
Zail dago, ikusten denez, sorkuntzaren garra itzaltzea Lautadan.