Bonelli arranoa babesteko, Entzia Hegaztientzako Babes Eremua izendatzea eskatu dute

Erredakzioa 2021ko uzt. 15a, 11:54
Bonelli arranoa. EKOLOGISTAK MARTXAN

Jaio berri den bonelli arranoaren habia Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan dagoela zehaztu du Ekologistak Martxan taldeak.

Araban, lehen aldiz azken 40 urteotan, bonelli arrano bat jaio dela iragarri zuen joan den uztailaren 1ean Arabako Foru Aldundiak, eta azaldu zuen Izkiko Parke Naturaletik gertu zegoela. Bada, Ekologistak Martxan taldeak informazio hori argitu nahi izan du, eta zehaztu dute bonelli arrano jaioberriaren habia Entziako Kontserbazio Eremuaren barruan dagoela. "Deigarria da albistean Izkiri buruz eta ez Entziari buruz hitz egitea, agian parke eolikoen proiektuek zerikusia izango dute".

Hartara, Entziako Kontserbazio Bereziko Eremuan bonelli arranoa ugaltzea lortu duen Aquila a-Life proiektuaren arrakastaren berri izanik eta gaur egun espezie hori galtzeko arriskuan dagoen Euskadiko bikote ugaltzaile bakarra izanda, Ekologistak Martxanek Entziako ingurua Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua izendatzea eskatu du. "Horrela katalogatzeak hegazti horren prebentziozko babesa eta kudeaketa aktiboa hobetzeko balioko luke, eta ingurunuea bonelli arranoarekin partekatzen duten beste hegazti batzuei ere mesede egingo lieke".

Entziak hegazti-komunitatearentzat garrantzi handia duela nabarmendu dute ekologistek, eta are gehiago bonelli arrano bikote ugaltzailearen presentziarekin. Ekologistak Martxanek Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berehala has ditzala Entzia Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua izendatzeko izapideak, "espezie horren eta harekin ingurunea partekatzen dituzten beste espezie horien prebentziozko babesa eta kudeaketa aktiboa hobetu dadin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide