Lautadako ALEA

Harrobia sortzen

Oskar Garcia de Bikuña 2021ko uzt. 8a, 10:00

Arg: Muskerrak

"Gure golak, garaipenak, porrotak... euskaraz bizi nahi ditugu"

Lautadan hockey talde bat existitzen dela entzunez gero, baten bat txundituta geldituko litzateke. Are gehiago, beharbada, bertan euskara arruntasun osoz bizi dela esango banio. Hockeya Euskal Herrian? Euskara kirolean, eta zonalde "erdaldun" batean? Nola liteke, baina? 

Bada, halaxe da. Harro sentitzeko moduko klub bat lortu dugu azken urteotan, non jokalari guztiok (izan senior, amateur edo kategoria txikietakoak) euskaraz ulertzen dugun. Era honetan, Euskal Herriko beste edozein txokotan nekez lor genezakeena egin dugu posible: euskaraz entrenatzea eta jokatzea. Jakina, honetan ez dago milagrorik, eta gurean eusle zein hartzaile direnak ditugu, betiere norbere gaitasunak aintzat hartuta eta errespetatuta.

Izan ere, kirol gutxitu honetan dihardugunok ederki asko dakigu zein zaila den euskararentzako arnasguneak topatzea, hockey munduan sobera ikurrin eta euskarazko hitz urri daude eta. Eta azken horri, hain justu, eman nahi diogu buelta. Etxetik hasita, euskal hockey-a eraldatzearekin amesten dugu. Gure golak, garaipenak, porrotak… euskaraz bizi nahi ditugu, eta besteak ere gu bezala egitera animatu nahiko genituzke. Jakin badakigu, esperientziak halaxe erakutsi baitigu, gu euskaraz entzuteak beste zenbait ere animatu dituela gure denon hizkuntza gehiago erabiltzera. Eta, oso gutxinaka bada ere, euskal hockeya euskaldunduz doala ematen du.

Ekainaren 13an Lautadako Muskerrak taldeak jokatu genuen Euskadi kopako bi final: senior eta amateur kategorietakoak, hain zuzen. Bertan, partiduak amaitutakoan, mugarri izan litekeen urratsetako bat egin zen, non gure delegatuak Euskal Federazioaren izenean irakurri beharreko elebakarreko testu bat hartu, ekimen propioz euskaratu, eta elebitan ozen irakurri baitzuen.

Aldaketak ez dira egun batetik bestera ematen, baina honelakoak dira gure gizartea, euskal hockeya den bezalako esparru txiki batetik, eraldatu dezaketenak. Euskaraz entrenatzeko hautua hartzen duen klub bat, komunikatu ofizial bat lehendabizikoz elebitan irakurtzea erabakitzen duen norbanako bat... Lorpen txikiak, baina inolaz ere makalak.

Hau da, bada, gure kirol klub apalean bizitako esperientzia, baina dudarik ez daukat beste zenbait talde ere identifikatuta sentituko direla honekin. Horiei, zein euskararen aldeko urratsak egiten hasiak diren orori, mezu sinple bat bota nahiko nieke: eutsi goiari! Elkarrekin, euskal kirolarien harrobia sortuko dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago