Lourdes Oiarbide

Gustuko lautadan, aldaparik ez

Juanma Gallego 2021ko uzt. 11a, 08:00

Bizikletan egiteko moduko ibilbidea prestatu du Lourdes Oiarbidek. L. OIARBIDE

Lautada zeharkatzen duen ibilbidea prestatu du Lourdes Oiarbide txirrindulariak. Pantanoa, dolmenak, leizeak... bidean bada zer aurkitzerik. Ez da di-da batean egitekoa, baina tortilla bat sari ederra izan daiteke.

Herbehereetan ospatu beharreko proba garrantzitsu bat prestatzen ari dela, Lourdes Oiarbide (Egino, 1994) txirrindulariak unetxo bat atera du ALEAko irakurleentzako ibilbidea prestatzeko. Oiarbide buru-belarri ari da txirrindularitza profesionalean, eta ez da erraza aurrez aurre harrapatzea, are gehiago denboraldia punturik gorenean dagoenean. Halere, kilometro asko tartean egon arren, jakina da teknologiak kontaktua errazten duela, eta halaxe izan da oraingoan ere.

Bizikleta gainean hain trebatuta egonda, bi gurpiletan ibilbidea egiteko moduko proposamena eskatu diogu, eta hala egin du.

122 kilometro inguru dituen ibilbidea prestatu du Oiarbidek. Ez larritu. Bilbo erdialdean jaiotakoak ez direnek badute aukera tour txiki hau zenbait etapatan zatitzeko.

Ibilbidea Buesa Arenan hasiko da. "Landarantz aterako gara, eta Uribarri Ganboako urtegiari buelta emango diogu Garaioraino". Bertan Jose Sagasta Agirrek egindako dinosauroaren eskulturari erreparatzeko unetxo bat hartzea gomendatu du Oiarbidek. Garaion bueltaka ibili ondoren, A-3022 errepidean jarraituko dugu, eta Heredian saihesbide bat hartuko dugu. Nahiko errepide "lasaia" dela nabarmendu du; jakina da txirrindulariek halakoak zinez eskertzen dituztela.

Herediatik Narbaxaraino abiatzea da hurrengo pausoa. Tarte horretan, arreta eskatu du kirolariak, "errepidea zuloz beteta dagoelako". Baina errepide horrek badu xarma berezi bat: "Abuztuan joaten bagara, eguzki-lorez beteriko paisaiaz gozatuko dugu".

Galarretatik pasatzerakoan, dorrerik gabeko eliza ikusiko dugu. "Hau xelebrea!". Jarraian, Asparrenera hurbilduko gara; "nire zonaldea", dio, harro. Eta Ilarduia pasatzerakoan, Leze kobazulora joango gara.

Andoingo aldapa

Errepide nagusira bueltatuko gara berriz, eta Eginotik Andoinerako bidea egingo dugu. "Zelako aldapa dagoen!". Errepidetxo batetik Ibargunera pasatuko gara. Puntu honetara iritsita, inguruan dauden tobera naturalak ikusteko aukera dago, baina, horretarako, une batez sikiera, bizikleta utzi eta oinez joan beharko gara. Ez da inguruetako bitxikeria bakarra: Eginon ere badira monolito batzuk, eta baita Basotxo kobazuloa ere.

"Abuztuan joaten bagara, eguzki-loreez beteriko paisaiaz gozatuko dugu". Lourdes Oiarbide.

Bestetik, Egilazen aukera ederra dago Aizkomendi dolmena ikusteko. Arrizalako Sorginetxetik ere oso gertu dagoela gogorarazi du Oiarbidek. Ondoren, "abentura pixka bat" egiteko gonbidapena: "Egilazetik Mezkiara asfaltatu gabeko pista batetik joango gara. Gero berriz errepidea zapalduko dugu, eta Munainetik Okarizera landa bide batetik bueltatuko gara".

Ea, itxaron momentu batean. Hau guztia oso ondo dago paper gainean. Inkluso mapa baten gainean jarrita ere. Baina ibilbide puska egina dugu orain arte, ezta? Zenbat izango dira? "80 kilometro inguru". Ados, bai, ez gara ba hasiko orain kexaka. Oroitu testu honen hasieran aipatzen zena: buru-belarri ari da txirrindularitza profesionalean. Argi dago, ezta? Bada, irakurle gehienak txirrindularitza profesionalean aritzen ez direnez, gutxienez zerbait jan beharko dugu! Kaloriak alferrik galtzea ere! "Nik Aguraingo Kilkenny taberna gomendatzen dizuet, bertan patata tortilla izugarri goxoak egiten dituzte", proposatu du txirrindulari profesionalak. Ondo da; bueltatu da elkar ulertzea.

Tortillaren ondorengoak

Gazeo, Langarika, Gereñu... horiek zeharkatuko ditugu, Dulantziraino; bertatik, Erentxun eta Egiletara. "Oraingoan ez dugu Azazeta igoko, beraz, Gasteizerantz joango gara".

Argandoñan errepide estu-estu batetik joango gara Ilarrazarantz, eta bertatik Jungitura. "Errepidetxo hau oso lasaia da, N-104 errepideko trafikoa saihesteko aukera oso aproposa da". Hortik Garaioko beste aldera hurbildu gaitezke, baino guk Gasteizerantz joko dugu, gure ibilbidea amaitzeko.

Honaino iritsi gara, irakurle fin hori. Oroitu etxerako bueltan ere wifia baduzula eskura. Baina ez izan alferrontzia: haizea aurpegia sentitzeko bederen, atera errepidera. 122 kilometro ez badira, mugitu komatxoa, eta egin 12,2. Tortilla pintxoa berdin-berdin irabazita izango duzu. Baita zerua ere. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago