Lautadako ALEA

"Lehenengo Siri ezaguna egiten da, eta besteak aberatsak"

Mirian Biteri 2021ko uzt. 9a, 08:00

Iratxe Gomez 2004. urtetik bizi da Dulantzin. I.G.

Fisikoki ez da ezaguna, bere ahotsa da aski ezaguna dena. Besteak beste, Siri, Appleren laguntzaile birtualari edo GPS sistemari jarri die Iratxe Gomezek ahotsa. 

Mundu osotik bueltaka ibili ostean, 2004. urtean Dulantzira heldu zen Iratxe Gomez bizkaitarra, eta ordutik bertan bizi da. Ogibidez irakaslea bada ere, lokuzio alorrarekin lotura berezia du aspalditik. 

Noiz hasi zinen lokuzioan?

2003. urtean hasi nintzen arren, urtebete beranduago ekin nion modu formalean, banku zerbitzuen eta nazioarteko diru-igorpenen call center edo ahots bidezko deiguneetarako gaztelaniazko eta ingelesezko ahots gisa.

Nolatan horrelako lan batean?

Kasualitate hutsa izan zen. Garai hartan, akademia batean nengoen irakasten eta ikasle baten ama etorri zen ingeles eta gaztelaniazko lokutore elebidun baten bila, grabazio batzuetarako. Nire ahotsa erabiltzea erabaki zuten.  

Ordutik askotariko lanak egin dituzu; tartean, Siriren gaztelaniazko ahotsetako bat izan zara, Apple enpresa handiak inoiz kontratatu ez bazaitu ere. Nola jakin zenuen Siriren ahotsa zinela?

Oso kuriosoa da, nirea kasu bakarra ez bada ere. Berdina gertatu zen AEBetako Siriren lehenengo ahotsa izan zen Susan Bennettekin. Bere kasuan, bere senarrak telefono bat opartu zion, eta jolasean zebilela konturatu zen bere ahotsa zela Sirirena. Ni, berriz, Txinan telebista ikusten nengoen.

Zelan izan daiteke hori?

2006. urtean, munduko TTS konbertsio-programa garrantzitsuenetako baterako, gorabeherak eta hauek konpontzeko eskuliburu bat idatzi nuen. Enpresak, fonetikako eta fonologiako nire ezagutzak eta esatari gisa nuen kalitatea ikusita, produktua berregitea erabaki zuen; orduan nire ahotsarekin eta proposatzen nituen testuak hobetzeko iradokizunak kontuan hartuta. 2010ean, Applek sistema hori erosi zuen Siri egiteko. Hortaz, nik ez dut inoiz izan kontraturik Applerekin. Egia da ez dela polita, baina legala da. 2017. urtean, Siriren sortzaileetako batekin, Adam Cheyerrekin, elkartu nintzen eta oso esaldi polita eta indartsua esan zidan: "Lehenengo Siri ezaguna egiten da, eta besteak aberatsak". 

Nolakoa da TTS konbertsio-programa bat egitea?

Bilatzen dena da hizkuntza baten soinu guztiak grabatzea. Hasieran, 11.500 esaldi eta testu grabatu nituen, gero hortik doinuak atera ahal izateko. Nahiko luzea izan zen, hiru astekoa, egunean bospasei ordu grabatzen. Gero, zabalkuntzak eta berrikuntza egin nituen, 5.000 eta 7.000 gehituz.

Siri izateaz gain, GPSetan ere zure ahotsa entzuten dugu. 

Hala da. TTS konbertsio-programetan ez bezala, horrelako grabaketetan gidoia duzu. Esaterako, herrialde baten toki, hiri edo kale guztiak dituzu. Oso lan aspergarria da, zenbakiak adibidez 1etik 100.000era bitartean grabatu behar dituzulako, eta berdin kilometroekin. Arriskutsua da aspertzen zarenean zure ahotsa aldatu egiten delako, eta, beraz, arreta handiz egin beharreko lana da, ez galtzeko, batetik; eta doinua mantentzeko, bestetik.  

Zer izan behar du ahots batek erakargarria izateko?

Bilatzen duzunaren arabera. Esaterako, GPSrako egiten baduzu, lasaigarria behar du izan, eta ez oso zorrotza edo baxua. Zorrotzegia baldin bada, ibilgailuaren motorrarekin trabatzen da, eta ez da ondo ulertzen; eta baxuegia izanez gero, kakofonia aspergarria izaten da eta gidaria urduri jartzen du.    

Bestalde, bikoizketa lanak ere egiten dituzu, ezta?

Bai, eta baita irrati-saioak ere. Pelikula eta musikal batean lanean nabil orain; fisikoki agertuko ez banaiz ere, nire ahotsa agertuko da horietan. Horrez gain, astero grabaketak egiten ditut Euskadi Irratirako. Bestetik, aurkezpenak ere egiten ditut.

Guztien artean zein da gehien gustatu zaizuna?

Once Fundazioarentzat egindako ekitaldi bat izan zen, 40. urteurrena ospatu zuenekoa. 500 itsu inguru zeuden entzuten, eta bertan lauzpabost pertsonaia ezberdin egin behar nituen zuzenean. Oso zaila izan zen, baina, aldi berean, oso polita eta pertsonala. Siriren ahotsarekin apurtzeko aukera ona izan zen saio hori; askatzailea izan zen niretzat. 

Nondik ateratzen duzu denbora horrenbeste gauza egiteko?

Ez dut lorik egiten. Goizez irakatsi egiten dut, arratsaldea familiarekin pasatzen dut eta gauean grabaketak egiten ditut; bidaiatzen ez dudanean, noski.  

Azken horrekin lotuta, Internetek asko erraztuko zuen lan hori, edo? 

Izugarri. Gaur egun, grabaketak egin ditzaket nire etxetik, grabaketa estudioa daukat eta. Mundu osotik ibilitakoa naiz, grabaketa estudio batetik bestera; lehen egun bat Txinan ematen nuen eta hurrengoa Alemanian. Baldintza horietan oso zaila zen bizitza familiarra eta laborala bateragarriak egitea. Internetek arazo hori konpondu du. Baina, horrek ere baditu bere alde txarrak, etxean sartuta oso bakarrik sentitzen zarelako. Elkarlana eta harremanak galtzen dira. 

Ahotsa asko zaindu beharko duzu? Are gehiago irakaslea izanda...

Bai. Gertatzen dena da irakasleei ez zaiela irakasten haien ahotsa ondo erabiltzen, eta gero, arazoak datoz. Horregatik zaindu behar dugu, ur asko edan, propolia hartu eta hitz egiten aurretik, berotu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago