Lautada Landa Garapenerako Elkarteak, Asparreneko Udalak eta Asparreneko adinekoen zentroko eta etxebizitza komunitarioko jantokia kudeatzeko arduradunak euren indarrak batu dituzte Kontzientziadun hornikuntza eta elikadura jasangarrirantz izeneko proiektua martxan jartzeko. Egitasmo honek jantokiaren eguneroko bizitza eta kudeaketa modu integralean landuko ditu, eta bere helburu nagusiak, besteak beste, janlekuan bertako produktu gehiago sartzea, produktu horien ekoizpena gero eta jasangarriagoa izatea, edota erosketa publikoen lizitazioetan elikagaien jasangarritasunaren inguruan ezarri daitezkeen adierazleak sortzea bilatzen du.
Proiektu hau Lautada Landa Garapenetik sortutako kezka batetik jaio zen. "Jantoki publikoetan erabiltzen diren elikagaien jatorria eta erosteko modua ikertu nahi zuten, eta azkenean Asparrenean aurrera eramatea erabaki zuten jantokiaren tamainagatik, udal-titulartasunekoa izateagatik eta bertako arduradunak adierazitako prestutasunagatik", azaldu du Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak.
Urte hasieratik daramate datuak eta hasierako sentsazioak biltzen, izan ere bukatzear dagoen lehenengo fase honen jomuga jantokiko sukaldearen lan egiteko eran eta Lautadako ekoizleetan jarri dute. "Alde batetik, prestatzen dituzten menuak aztertu ditugu, zein produktu, horiek non erosten diren edota erosketetan zenbat gastatzen den kontuan hartuz. Eta, bestetik, Lautadako ekoizleekin harremanetan jarri gara proiektu honetan parte hartzeko interesa duten jakiteko", nabarmendu du Cristina Gilek, proiektuaren koordinatzaileak.
Lautada mailan oro har dagoen ekoizteko moduagatik "oso zaila" izango da lehengai horiek ekimenean barneratzea. Hala ere, Gilen ustetan, nekazariek proiektu honen berri izatea oso garrantzitsua da, poliki-poliki ekologikoago den ekoizpenerantz pausuak emateko eta beste motatako alternatibak martxan jartzea posiblea dela ikusteko. "Interesa agertu dutenen ekoizleen fitxa sortuko dugu, bertan bakoitzak eskaini dezakeen produktuak zerrendatzeko; ez soilik proiektu honetan erabiltzeko, baizik eta inguruko beste jantoki, jatetxe edota dendak ere haiekin harremanetan jarri ahal izateko", argitu du koordinatzaileak.
Erosketak herrian
Jose Manuel Manzanos Txiki sukaldaria ez ezik, jantokian prestatzen diren jakiak erostearen arduraduna ere bada. Proiektuarekin hasi aurretik produktu gehienak inguruko ekoizleei erosten zizkien, Araiako saltokietan edota azoka egunean herriraino gerturatzen diren saltzaileei, eta aurrerantzean ere bertako denda eta ekoizle txikien alde egiten jarraituko du. "Janaria prestatzerakoan nutrizio-balioak betetzen ari nintzen edo ez asko kezkatzen ninduen, eta horregatik proiektuan nutrizionista batek ere parte hartuko du, erabiltzaileen behar nutrizionalak osatzen dituzten menuak iradokitzeko", argitu du Txiki-k.
Hala, talde sustatzailea Udaleko ordezkariak, Lautada Landa Garapenerako teknikariak, proiektuaren koordinatzaileak eta jantokiko sukaldariak ez ezik, nutrizionista batek eta inguruko bi ekoizlek ere osatzen dute. "Talde handia eta anitza gara, eta bakoitza gure eginkizunekin oso lanpetuta bagaude ere, proiektuaren nondik norakoak aztertzeko tartetxoren bat ateratzen dugu beti, eta hori oso positiboa da", dio Gilek.
Era berean, jantokiko hondakinen kudeaketa aztertzen ari dira, eta baita "zero" hondakinei buruzko egoera ere. "Aurretik zenbat pertsona bazkaltzera etorriko den jakiten dugunez, normalean ez da janari asko sobera egoten, eta hondakin organikoarekin konposta egiten da. Beraz, arlo horretatik ez dugu kezkarik. Plastikozko ontziekin, ordea, arazo bat dagoela antzeman dugu, eta horregatik irtenbideak bilatu nahian gabiltza", aitortu du sukaldariak. "Jantokian, adibidez, yogur asko kontsumitzen da, eta botiletan datozenak erostea edota Bulgariako yogurta egitea pentsatzen ari gara".
Jantokian, etxean bezala
Jantokiak 20-24 erabiltzaile inguru izan ohi ditu, eta egunero bertan "etxean egongo balira bezala" bazkaltzen dute. "Pandemia ostean pertsona nagusien zainketari buruz asko hitz egin da, eta gure ustez elikadura eta nutrizioaren gaia ere zainketa horren ardatz nagusietariko bat da. Hala eta guztiz ere, tamalez, administrazioak ez dio arlo honi erreparatzen gehienetan diru kontuak besterik ez baitituzte aintzat hartzen", esan du Auzmendik. "Gu zorionekoak gara Txiki gurekin izateagatik, jaki gozoak prestatzeaz gain, jasangarritasunagatik eta erabiltzaileen ongizateagatik duen ardura nabarmena baita".
Ekimen honen funtsa ez da bakarrik erabiltzaileak ongi elikatzea, horiek ere proiektuan parte hartzea ere bilatzen da.
Baina ekimen honen funtsa ez da bakarrik erabiltzaileak ongi elikatzea, horiek ere proiektuan parte hartzea ere bilatzen da. Horiek ere egitasmoa ezagutu eta konpromisoa izatea. "Horretarako, informazioa eman ez ezik, tailer desberdinak ere antolatuko ditugu beraiek ere egitasmo honen inguruan edota elikadura jasangarriaren garrantziaz jabetu daitezen", argitu du Gilek. "Gainera, Bazkaltzera gonbidatzen zaituztegu izena duen jardunaldiaren bidez, sukaldaritzako jakintzak trukatzeko eta adinekoen bi zentrotako erabiltzaileen artean otorduak partekatzeko aukera ere izango dute", gaineratu du Auzmendik.
Hori ez da antolatuko den ekintza bakarra. Proiektua borobiltze aldera, interesa izan dezaketen herritar eta erakunde guztiei irekita dauden hainbat hitzaldi eta tailer ere antolatuko dituzte sustatzaileek: adinekoen elikaduran oinarritutako nutrizioari eta iraunkortasunari buruzko ikastaroa; garbiketa ekologikoaren inguruko tailerra etxebizitzen iraunkortasunaren ikuspegi integrala jorratzeko; edota erosketa publikoa elikagaien jasangarritasun-irizpideak landuko dituen jardunaldi bat ere izango da. "Ekintza guzti hauekin sentsibilizazioa bilatu ez ezik, bestelako alternatiba posibleak ere badaudela ezagutarazi nahi dugu eskualdeko bizilagunen artean", gogoratu du alkateak.
Carasso Fundazioa
Ekimen honek Daniel eta Nina Carasso Fundazioaren laguntza dauka. Fundazioak hamar urte baino gehiago daramatza elikadura jasangarriaren esparruan aldaketarako eragile izan daitezkeen proiektuak bultzatzen, eta erdietsitako guztia publiko orokorrari komunikatzen. "Fundaziotik diru-laguntza jaso ez ezik, arlo honetan esperientzia handia duen lantalde bat gure bidelaguna izaten ari da fase guztietan zehar. Gainera, antzeko proiektuak antolatu dituzten beste eragileekin harreman zuzena edukitzea ahalbidetzen digu, eta alde horretatik ere asko ikasten ari gara", nabarmendu du Gilek. Fundazioaren babesarekin, bestelako alternatibak izan dituzte mahai gainean, egokiena osatzen joateko.
Urte amaieran egitasmoaren nondik norakoak eta bertatik sortutako materialak aurkezteko jardunaldi bat egitea aurreikusi dute.
Urte amaieran egitasmoaren nondik norakoak eta bertatik sortutako materialak aurkezteko jardunaldi bat egitea aurreikusi dute. "Bertan, besteak beste, Lautadako ekoizleen zerrenda aurkeztuko dugu, eta etxeen garbiketa ekologikoaren inguruan sortutako gida ere paperean banatuko dugu", azaldu du koordinatzaileak.
Sustatzaileak baikorrak dira honek guztiak eskualdean izan dezakeen eragin positiboan pentsatzean, eta, etorkizunean egitasmoa beste jantoki batzuetan martxan jartzeko abagunea egotekotan, sustatzaileei Asparrenekoa erreferentea bilakatzea gustatuko litzaieke. "Orain gu hazi desberdin asko ereiten ari gara, eta gerora hazi horietako bakoitzetik aldaketa jasangarriago bat ernatuko delakoan gaude".