Lautadako ALEA

Iturrietan, haize bolada nahasiak

Amaia Gartzia 2021ko uzt. 6a, 08:00

Dorre meteorologikoa maiatzaren 6tik dago Iturrietako Mendietan. / Mendiak Aske

Jaurlaritzak parke eoliko bat eraiki nahi du Iturrietako Mendietan, Araban aurreikusitako beste batzuen artean. Proiektuak oso hurbiletik joko du Lautada eta bertako biztanle zein faunak gertutik pairatuko du sorturiko inpaktua. Proiektuak aurrera darrai, protesta artean.

Mehatxu bera berriz ere. Ezaguna da zonaldean duela hamaika urte pasatxo Iturrietako mendiak haizearen aitzakiapean industrializatzeko saiakera. Orduan bere horretan geratu zen proiektua, eta orduko Energia Berriztagarrien Lurralde Plana berritzeko asmotan. Ez zen makala izan egitasmo horrek jaso zuen oposizioa Mendiak Aske plataforma herritarraren bidez.

Hamaika urte geroago, jomuga bera: Iturrieta. Energia eolikoaren mamua jarraika dabilkie mendiei. Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzako Energiaren Euskal Erakundeak komunean duten Aixeindar enpresak eramango ditu aurrera lanak. Kudeaketa, ordea, ez da antolatua izan. Aipatu planaren suspentsioak beste baten beharra dakar edozein proiektu aztertu eta aurrera eraman dadin. Baldintza ezinbesteko hori ez da eman, eta non eta nola eraiki daitekeen jakin gabe bertako haize ufadak neurtzeko dorrea baimenik gabe eraiki dute herritarren harridura eta kezkarako.

Dagoeneko 22.751 alegazio bildu ditu Mendiak Aske plataformak orotara Arkamu, Iturrieta eta Labrazako hiru proiektuen aurka; Azazetako proiektuaren aurkakoak biltzen ari dira oraindik; Aramaion (Arlaban) eta Gesaltza Añanan aurreikusitako beste proiektuak, ordea, haize-neurketak egin ahal izateko izapidetze fasean daude. Kontra azaldu diren beste hainbat elkarte, talde zein alderdi politiko ezberdinek ere kontrako arrazoibideak aurkeztu dituzte, hala nola, Podemosek eta EH Bilduk. Era berean, Arabako Mendizale Federazioak "irmoki" gaitzetsi du egitasmoa, eta gizarte eragileak ordezkatuak egongo diren lanketarako mahai osatu baten beharra plazaratu du.

Berriztagarriak bai, ez nolanahi

Kexa guztiak norabide berdinean doaz. Egungo eredu energetikotik jasangarriago batera aldatzeari egokia baderitzote ere, ondo diseinatutako eta ingurunea errespetatuko duen aldaketa bat izan behar duela adierazi dute, baita mendizale elkarteak ere: "Zer zentzu du energia berriztagarrien alde egiteak ekosistemak suntsituz?".

Ildo beretik, EH Bilduk eta Podemosek babestutako lurretan eraikitzeko debekua azpimarratu dute. Podemosetik diotenez, "parke hauek ez dute Klima Aldaketa eta Trantsizio ekologikoaren lege onartu berriak dioena errespetatzen". Bi alderdiek Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial baten hutsunea nabarmendu dute, eta bere egin dituzte era berean faunak eta florak jasoko lituzketen ondorio negatiboak. Bilduk, bere aldetik, Eusko Jaurlaritzaren "kudeaketa eskasa eta planifikazio gabezia" nabarmendu ditu.

Dagoeneko 22.751 alegazio bildu ditu Mendiak Aske plataformak hiru proiektuen aurka

Raul Lopez de Uralde Aguraingo EH Bilduko politikariaren hitzetan, "energia berriztagarriak behar ditugu, bai, baina lehendabizi behar dena lurralde plan bat da. Badirudi Araba esperimentu lurraldetzat hartu dutela, jende gutxiago garenez erresistentzia txikiagoa topatuko dutelakoan beharbada, baina deigarria da proiektu guztiak Araban kokatuak izatea". Ezinbestekoa den plan horren eskaera egiteko mozioa aurkeztuko dute egunotan Aguraingo Udalean.

Arabako Natur Institutua, kontra

Berdin mintzatu da Arabako Natur Institutua, eta haiek ere alegazioak aurkeztu dizkiote Arkamu eta Iturrietako eolikoei: "Faunaren, botanikaren eta paisaiaren aldetik duen aberastasun apartak justifikatzen du Europa mailako babes hori, eta hala jasotzen dute horrelako zonaldeen kudeaketa planek, zeintzuek zentral eolikoen instalazioak baztertzen dituzten horrelako guneen baitan". Elkartearen iritziz, "denak ez du balio" berriztagarrien aldeko ezarpenean.

Ernesto Sainz Aguraingo alkateak ALEAri egindako adierazpenetan esandakoari jarraiki, ordea, Energia Berriztagarrien inguruko Lurralde Plana 2002tik "indarrean" dago. Baina hori ez da zuzena, indargabetua ez badago ere, 2009. urtetik darama Eusko Jaurlaritzak berritu beharrean gaurdaino. Jaurlaritzak berak iragarri zuen lurralde plan honen gainbegiratzea Eusko Legebiltzarrak horrela eskatu ostean, eta urte horietan jaso zituen zentral eolikoak eraikitzeko hainbat eskaerei luzapena ezarri zien. Hamaika urte geroago, badirudi bere horretan jarraitzen duela egoerak, baina enpresa ezberdinak mugitzen hasi dira, eta bazterrak aztoratzen. Plan horrek zehaztuko ditu etorkizunean eolikoak bezalako parkeak ezartzeko kokaleku egokiak. Ordura arte, ezin izango zaie onetsia eman Iturrieta bezalako kokapenei.

Udala, hiru haize-errotaren aurka

Aguraingo alkateak azaldu duenez, Iturrietan ezarri nahi dituzten hamabost haize sorgailuetatik hiruren kokapenaren aurka egin dute; zehazki, Aguraingo Udalaren konpetentzia diren lurraldeetan dauden hiru eolikoen kontra agertu da Udala. Gainontzekoez itaunduta, nahiz eta babestutako zonalde berean kokatuta egon, udal taldeak haiei "ez dagokiela" erantzun du, eta eraginda izango diren udalen "erabakitzeko eskubidea" azpimarratu dute: "Gu, Aguraindik, gure interesak defendatzera mugatuko gara, ez dugu zertan tartean sartu eragindako gainerako udalerrien borondatean".

Haatik, Espainiako Trantsizio Ministerioak Aguraingo Udalari egitasmo honen berri eman zionean, haize errota horien eraikuntzatik sortu litezkeen eragin urbanistikoa zein ingurumenaren gaineko eragina jasoko zuten bi txostenen berri izan du ALEAk, eta lehenengoan jasotzen dena oso bestelakoa da: Iturrietan ezarri nahi dituzten 15 aerosorgailuetatik, hiru Iturrietako Partzuergoan kokatzen dira, eta gainontzekoak Arraia-Maeztuko lurretan. Ostera, planteatutako 15 aerosorgailuetatik 11ren hegalak Aguraingo udalerriko 610 onura publikoko mendian daude ere.

'Mendiak ez daude salgai' lelopean egin zuten protesta. /Nagore Lizundia

Bederatzi haize-sorgailuren plataformek, 7tik 15era zenbakitutakoek, 610 onura publikoko mendia osatzen dute, Aguraingo udal-mugartean. 14. eta 15. areogeneradoreak eta 13.-ren plataforma Iturrietako Partzuergoan daude. Proiektu honetako haize-sorgailuen kokalekua kontserbazio bereziko eremu bat da, natura-balio eta paisaia-balio handikoa. Haize-sorgailuak edota horien plataformak Aguraingo lurzoru urbanizaezinean daude, D10 Kontserbazio Bereziko Eremu gisa sailkatuta (...) Plan Orokorrean D10 babes bereziko eremurako ezartzen den erregulazioak eraikuntza-erregimenean zehazten duenez, basoak hobetzea eta kontserbatzea helburu duten erabilerak soilik onartu beharko dira. Era berean, eraikitzeko asmorik gabeko erabilera onargarri gisa ezartzen ditu: lurzoruan edo lurpean, zuhaitz-masetan eta fauna eta floran egiten diren ekintzak (...) baina ezin dira lur mugimenduak edo erliebearen aldaketa esanguratsuak egin.

Hala, esandako txosten urbanisitikoak ondorioztatzen duenez, aukerarik egokiena parkea bere osotasunean beste eremu batera eramatea da, eta eremu horretan hirigintza- eta ingurumen-baldintzak eta -araudiak, bai eta horien babes-araubidea ere, mota horretako azpiegiturekin bateragarriak izatea. Horren alde azaldu da Aguraingo Udala, birkokatzearen alde.

Baina argi dago hiru haize errotek baino gehiagok hartzen dituztela udalerriko lurraldeak. Gobernu taldeak, era berean, kezka adierazi du sai zuria, ugatza, sai arrea, miru gorria edota Bonelli arranoa bezalako espezie babestuengatik. Hauek jasango luketen arriskua ingurumen txostenean jasotzen da, bai eta Iturrietako akuifero batzuek jasan lezaketena.

Bi plan darabiltzate politikariek afera honen inguruan. Bata Arabako Energia Berriztagarrien Sustapen eta Garapen plana da (2010-2020), Mugarri izenekoa, berriztagarriak aurrera eramateko estrategiak biltzen dituena. Honek eolikoak bezalako energiaren ustiapena ezartzeko zonalde batzuk baztertzen ditu daukaten berezitasunagatik, Iturrieta esaterako. Bigarrena, lurralde plana, arestian aipaturikoa, 2009tik berritu beharrekoa da. Berau gabe ezinezkoa da lanik hastea. Egitasmo honek berak ere eolikoek Iturrieta eta Arkamuko zonaldeak erasango zituela jasotzen zuen, hain zuzen ere, 100 puntuko eskala batean 73ko balioan jaso zuen inpaktua.

15 haize errotetatik 11ren hegalak Aguraingo onura publikoko mendian daude

Zentral eoliko hauen proiektuak ingurumen kalitate handiko mendizerretan kokatuak daude. Arkamu eta Iturrieta, esaterako, Kontserbazio Bereziko Zonalde bezala daude izendatuak, eta Natura 2000 Europako Sare Ekologikoaren parte dira. Iturrietako eolikoak Lautada, Arraia-Maeztu eta Iruraiz-Gaunako udalerriak eragingo lituzke. Arraia-Maeztuk aurka bozkatu zuen Mendiak Aske plataformak aurkeztutako mozioari, eta proiektuaren alde agertu; Iruraiz-Gauna, aitzitik, lehen unetik aurka agertu da.

Espainiako Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak onartu zituen proiektu hauen izapideak. Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean proiektuok jaso eta publiko egin ostean, alegazioen txanda heldu zen. Berriztagarrien lurralde plana berritu zain, erantzuna aipatu ministerioak emango du. Haizea kontra ala mendien alde?

Iturrietako proiektua

Iturrietako zentralak 75 MWko indarra izango luke eta Arraia-Maeztu, Agurain, Iruraiz-Gauna eta Entziako Partzuergoa hartuko lituzke. 200 metroko 15 haize errota eraikiko lituzkete, Gereñu inguruan 30/220 KV-ko azpiestazio eraldatzailea, eta bertatik Elgeako azpiestaziora joango litzatekeen goi tentsioko aireko linea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago