Lautadako ALEA

Bigarren aukera bat Erentxungo geltokiari

Anakoz Amenabar 2021ko uzt. 6a, 10:00

Estazio zaharra eta inguruak txukuntzeko lanetan ari dira Erentxungo herritarrak. / A. Martinez de Luna

Bi urte dira Erentxun herriko tren-estazioa lehengoratzeko lanak hasi zituztela, sastraka artean hainbat urtez ahaztuta izan eta gero, eta lan berriekin jarraitzen dute; bereziki herriko edadetuentzako gunea izatea nahi dute.

1967ko abenduaren 31n lotu zituen azkenekoz Vasco-Navarroak Bergara eta Lizarra, eta  betirako itxi zuten, besteak beste, Erentxungo tren geltokia.  Urteetan sastraka artean gordeta egon ostean, baina, berriz ikusgarri jarri dute herritarrek estazio zaharra.

Duela bi urte hasi zituzten lehendabiziko lanak. "Lehenengo teilatua egin genuen, forja lanak ondoren, eta igogailurako beharrezko obrak; aurten, leihoak jarriko ditugu, eta horma nagusienak ere txukunduko ditugu", azaldu du Jose Javier Lekuona Erentxungo Batzar Administratiboko presidenteak.

Vasco-Navarro trenaren ibilbidean bide berdea prestatzearekin batera hasi ziren Erentxungo estazioaren inguruko lehenengo gogoetak, Imanol Arriolabengoa Administrazio Batzarreko bokalak gogoratu duenez. "Garai hartan indar handia hasi zen hartzen bizikletaz ibiltzeko bide moduan, eta estazioarekin zerbait egin behar genuela pentsatu genuen; herritarrei begira, eta baita bisitariei begira ere, txukundu beharra zegoen". Ondoko lursaileko cochera prestatu zuten aurretik, eta hurrengo erronka geltokia zuten.

Aldundiak duen Obra txikien  deialdiarekin egiten ari dira lanak, atalez atal, eta aurrera begira zer pauso eman aztertzen ari dira orain. Herritarrentzako topaleku bat izatea nahi dute, baina zehaztu gabe dute oraindik emango dioten erabilera: "Bereziki edadetuentzako topalekua izatea nahi dugu, baina beste herritar guztiak ahaztu gabe; beharbada sukalde bat ere izango du topaleku horrek", aipatu du presidenteak.

Eraikinaren inguruan ere hainbat lan egin zituzten, joan den urtean, sastraka eta lur artean gordetakoak azaleratzeko. "Auzolanari esker, geltokiaren nasa azaleratzen joan da, eta nahiko ongi geratu da, oraindik lana dugun arren", gogoratu du Lekuonak. Bideak konpondu eta atsedenerako tarte bat prestatzea da asmoa. "Erronka moduan hartu genuen inguru hau hasiera batean, eta konturatu gara altxortxo bat dela".

Barruan, bi pisuak txukundu eta eskailerak behar moduan jarri nahi dituzte hurrengo hilabeteetan. "Oraindik ez dugu erabaki zehatz nola jo aurrera, baina helburua hori da", nabarmendu du Arriolabengoak. Auzolanari esker garbitu dituzte inguruak, eta hemendik aurrera ere herritarren laguntza eskatuko dute txokoa prestatzeko. "Zorionez, inguru honetan oso ondo funtzionatzen du auzolanak; urtean hiru-lau aldiz elkartzen gara lagun asko, eta  inguruak behar moduan uzteko aukera ederra da, eta, aldi berean, topaleku polita herritarrentzat".

Geltokiaren memoria

Eraikina eta inguruak prestatzearekin batera, memoriari ere tira egin diote Erentxungo geltokian bizi izandakoak gogoratzeko. Lehengoratze lanak hasi aurretik, ekitaldi bat egin zutela gogoratu du Arriolabengoak. Ikus-entzunezko bat aurkeztu zuten, Vasco-Navarroak izan zuten garrantziaz jabetzeko. "Eta ezagutzen ez genuen aldea ezagutu genuen nagusiei esker. Edadeko gizon batek garaiko argazki zaharren erakusketa prestatu zuen, eta istorioak ere kontatu zizkigun. Eta estazio arduradunaren alaba ere izan zen ekitaldi hartan; oso hunkigarria izan zen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago