Lautadako ALEA

Lautadako ALEAren 7.000 ale banatu dira eskualdean

Erredakzioa 2021ko uzt. 2a, 07:30

Sendotzen ari da Lautadako ALEA aldizkaria, eta aste honetan laugarren zenbakiaren 7.000 ale inguru banatu dira eskualde osoko etxe eta establezimenduetan. Lautadako erreportaje, elkarrizketa eta albistez beterik dator zenbaki berria.

Lautadako Euskararen Komunitatearekin elkarlanean, ALEAk 2020ko hasieran ekin zion Lautadako ALEA tokiko aldizkaria sortu, argitaratu eta eskualde osoan zehar banatzeari. Ondoren, bi zenbaki gehiago argitaratu ziren, 2020ko abenduan eta 2021eko martxoan. Orain, ekainean, laugarren zenbakiak argia ikusi du, ikasturtea behar bezala borobiltzeko.

Honako hauek dira Lautadako ALEAren 4. zenbakiko eduki nagusiak:

  • Iturrietan, haize nahasiak: Jaurlaritzak parke eoliko bat eraiki nahi du Iturrietako Mendietan, Araban aurreikusitako beste batzuen artean. Proiektuak oso hurbiletik joko du Lautada eta bertako biztanle zein faunak gertutik pairatuko du sorturiko inpaktua. Proiektuak aurrera darrai, protesta artean.
  • Lehen hazia erein dute: Asparreneko adinekoen zentroko eta etxebizitza komunitarioko jantokian elikadura, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra uztartzeko helburua duen egitasmoa abiatu dute.
  • Nekazaritzaren memoria aletzen: Ilarduiako Gloria Ruiz de Luzuriagaren etxean artoaren aleak garbitzeko Ajuriako makina martxan jarri dute berriz. 60 urtez lanak arindu zituen aparatuaren funtzionamendua erakutsi die emakumeak gazteei.
  • Frantsesek utzi zutena, amets: 1813an, Gasteizko Bataila deitutakoan, soldadu frantsesak estu eta larri ibili ziren, eta, alde egitean, beraiekin zeramaten altxorra atzean utzi behar izan zuten. Altxor horrek mota guztietako espekulazioak eta ametsak eragin ditu.
  • Elkarrizketak:
    • Ainhoa Arbaiza, Aguraingo literatura txokoaren dinamizatzailea.
    • Iratxe Gomez, irakaslea eta lokutorea; Siri Apple-en laguntzaile birtualaren eta GPS sistemaren ahotsa.
    • Alejandro Salcedo, Dulantziko sukaldaria eta EatyJet proiektuaren sortzailea.
  • Iritzia: Oskar Garcia de Bikuña eta Lurdes Lekuona.
  • Herriak:
    • Burgu: Komiki batera eraman dute Txagoitiko errotaria.
    • Barrundia: Eguzki parkeak eta Ozetako Isasmendi tabernaren berrirekiera.
    • Asparrena: Nestor Basterretxearen Araba eskultura eta Aguraingo karrozen erakusketa.
    • Galarreta: Bukatu dira Galarretako eliza txukuntzeko lanak.
    • Zalduondo: Latsariak Zalduondoko historian jaso dituzte.
    • Erentxun: Bigarren aukera bat Erentxungo geltokiari.
    • Agurain: Muskerrak hockey eta irristaketa kluba, euskara eta kirola uztartzen.
  • Denborapasak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago